GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA

Larretxeak eta Azurmendik eragozpenik gabe lortu dute garaipena

Jon LEUNDA | LAZKAO

Ez zen atzokoan ere ezusterik izan, eta Donato Larretxeak eta Iñaki Azurmendik aparteko eragozpenik gabe lortu zituzten garaipenak Armentian eta Lazkaon. Bi saioetan lan bera izan zuten. Hasteko 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, ondoren tamaina bereko enborrarekin abiadura proba, gero, kana-erdiko bat zutik erdibitu, jarraian 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki, eta azkenik, bi 60 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten.

Gasteizko proban, Senosiainek abiadura proba bakarrik bereganatu zuen, gainerakoetan Larretxea izan zen nagusi. Denetara, Larretxeak 17 minutu eta 40 segundo behar izan zituen, eta Senosiainek, aldiz, 19 minutu eta 56 segundo.

Arratsaldean, berriz, Lazkaoko plazan Iñaki Azurmendik aise menperatu zuen Arkaitz Jauregi. Arabarrak kolpekakoa bakarrik irabazi zuen. Denetara, Arriarangoak, 18 minutu eta 6 segundo behar izan zituen, eta Ilarduiakoak, berriz, 20 minutu eta 54 segundo. Argitu beharreko beste kontu bat ere bada, izan ere, azkenean, multzo bakoitzeko estreinako biek egingo baitute aurrera, eta azkena geratzen dena bakarrik geratuko da kanpoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo