GARA > Idatzia > > Mundua

Rosalesi babesa emateak krisia piztu du Venezuela eta Peruren artean

Peruko Gobernuak Manuel Rosalesi babes politikoa emateak haserrea piztu du Venezuelan. Enbaxadorea etxera deitu eta harremanak goitik behera aztertuko dituela esan du Caracasek. Oposizioko buruari legez aurkako irabaziak eskuratzea leporatzen dio Venezuelako Justiziak.

p023_f01_148x108.jpg

GARA |

Venezuelako Gobernuak Perun zuen enbaxadoreari, Aristides Medina Rubiori, itzultzeko agindu zion eta aurrerantzean herrialde horrekin dituen harremanak «goitik behera» aztertuko dituela iragarri zuen. Hori izan da Peruk Maracaiboko alkate eta oposizioko buru Manuel Rosalesi babes politikoa emateko erabakiaren aurrean Venezuelak izan zuen erreakzioa.

Rosalesi babes politikoa ematea «Nazioarteko Zuzenbideari trufa egitea, ustelkeriaren aurkako borrokaren kontrako kolpea eta Venezuelako Herria iraintzea» dela adierazi zuen Venezuelako Kanpo Arazoetako Ministerioak.

Hugo Chavezek zuzentzen duen Gobernuak gogor salatu zuen «ustelkeria dela-eta Rosalesen aurka froga mordoa egonda ere» Peruk babes politiko hori eskaintzea.

«Hori guztia kontuan izanda, Venezuelako Gobernuak erabaki du, protesta gisa, Liman zuen enbaxadorea berehala Caracasera itzultzea. Honekin batera, Peruko Errepublikak berriki izendatu duen enbaxadorea onartzeko tramiteak etetea eta herrialde horretako Gobernuarekin ditugun harremanak goitik behera aztertzea erabaki dugu», gaineratu zuen Caracasek.

Peruko Gobernuak astelehenean eman zion babes politikoa Rosalesi. Honek «Chavezen jazarpen politikoa pairatzen zuen pertsona» gisa aurkeztu zuen bere burua. Ordura arte, Venezuelako Kanpo Arazoetako ministro Nicolas Maduro Limari eskatzen ari zitzaion Rosales atxilotzeko eta Caracasera itzularazteko.

Madurok atzo jakinarazi zuenez, astelehenean bertan Venezuelako Gobernuak Rosales harrapatzeko eskaera ofiziala egiteko beharrezkoa zen dokumentazio guztia eman zion Interpoli.

2002 eta 2004 bitartean, Zuliako gobernadorea zela, legez kanpoko bidetik aberastu izana leporatzen dio Rosalesi Venezuelako Justiziak.

Peruko Kanpo Arazoetako ministro Jose Antonio Garcia Belaundek, Limako Gobernuaren erabakia behin betikoa zela eta arrazoi humanitarioetan oinarritzen zela nabarmendu zuen.

Honekin batera, erabaki honek Venezuelarekin dituzten harremanetan eragin negatiborik ez izatea espero duela adierazi zuen Garcia Belaundek.

«Peruk historikoki babes politikoa emateko duen tradizioari jarraituz hartu dugu Rosales gure etxean», gaineratu zuen Garcia Belaundek.

Ustelkeria

Zulia estatuko gobernadore zenean (2002-2004) legez kontrako irabaziak eskuratzea leporatzen dio Venezuelako Justiziak Manuel Rosalesi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo