Romandiako Tourra
Rabon txekiarrak «pole position»a eman dio Columbiari
Hiru kilometroko zirkuituan Sandy Casar eta Alejandro Valverde izan zituen ondotik. Cancellara edo Cavendishek, aldiz, ez zuten uste bezalako maila eman.
GARA | BILBO
Ez zen faboritoa bera, baina kronometroak ez zuen gezurrik esan. Frantisek Rabonek, 1 Formulako gidaria bailitzan, eguraldi lehorreko gurpilak aukeratu zituen, bizikleta bere egokierara moldatu zuen eta Romandiako Tourreko aitzin-etapa eraman zuen.
Hegan egin zuen Europako mendebaldeko txirrindulariak, eta berez faborito ziren guztien gainetik pasa zen. Haren atzetik, Sandy Casar eta Alejando Valverde baino ez ziren izan. Fabian Cancellara, aldiz, erlojuaren aurkako txapeldun olinpikoa, ez zen txekiarraren mailan aritu eta hamaikagarren denbora onena egin zuen. Euskaldunek, berriz, ez zuten emaitza onik lortu. Denborarik onena Euskaltel-Euskadiko Mikel Astarlozak erdietsi zuen, baina irabazlearenetik oso urrun.
Iglinskiyren erreferentzia
Aurreneko postuetan atera ziren txirrindulariek euria izan zuten bidelagun, baina faboritoek aurreneko pedalkadak ematerako lurra lehortu egin zen. Hala, Astana taldeko Maxim Iglinsky helmugaratu arte benetako erreferentzia baliagarririk ez zen egon.
«Pilotu» onenak sartzeke zeuden artean, baina ezustean Rabon azaldu zen, hautsak harrotuz. Cancellarak edo Cavendishek uste baino denbora eskasagoa egin zuten, eta, hala, aurreneko lider maillota merezita eskuratu zuen txekiarrak.
Romandiako Tourrak gaur du aurreneko etapa, 176,2 kilometro, Montreuxetik Friburgora.