«Txapela irabazi nahi baldin badugu, botearekin min handia egin beharko dugu»
Pilotaria
Patrick Ibarrola larunbateko finala jokatzeko irrikaz dago. Patrick Ozafrainekin batera, iaz txapela jantzi zuen, eta Nafarroa Behereko bikoa aurten ere gauza bera egiteko prest agertzen da. Sorhueten eta Etxetoren aurka jokatuko dute finala, eta zaleentzat azken hauek dira faborito, lehen fasean egungo txapeldunek galdu egin baitzuten aurtengo finalisten aurkako norgehiagoka.
Jon LEUNDA |
Patrick Ibarrola iaz lortutako txapelari eusteko prest agertu da. Ozafrain gibelean duela, iazkoa errepikatu nahi du, nahiz eta, bere ustez, aurkariak diren faborito. Larunbat arratsaldean neurtuko dira Modernen, Baionan, Berezkoen Binakako Txapelketako finalean Sebastien Sorhueten eta Thierry Etxetoren aurka.
Aurten ere finalean sartu zarete. Nola zaudete?
Ongi, gogotsu eta ilusioarekin. Final bat jokatzea gauza handia da, eta beti ematen dizu ilusio handia. Guk finalerdia jokatu behar izan dugu, baina uste dut ongi dagoela hori, ez baikara geldirik egon. Aurkari gogor batzuk izango ditugu aurrean, uste dut txapelketaren hastapenetik beraiek zirela faborito, baina gu irabazten ahaleginduko gara.
Beraiek zuzenean sartu dira finalera, zuek, aldiz, finalerdia jokatu behar izan duzue. Aurrez aipatu duzu ez dela gaizki etorri. Horrela al da?
Bai, nik hala uste dut. Garbi dago zuzenean sailkatu izan bagina hobe izango zela, finalerdiak jokatu behar izateak kanpoan geratzeko arriskua izaten duelako. Baina behin finalerdia pasata, eta finalean sartuta, uste dugu ez dagoela gaizki. Gure egutegia ikusita, bestela hiru aste eman beharko genituen jokatu gabe, eta hori ere ez da ona. Multzoan bost biko ginen, eta astebururo batek jai egin behar zuenez, guri azkenekoan egokitu zitzaigun atseden egitea, eta tartean partida bat jokatzea ongi etorri da.
Bi bikoak partida bakarra galduta helduko zarete finalera. Neurketa estua izango da, ezta?
Bai, dudarik gabe. Haiek oso indartsu daude eta zaila izango zaigu partida irabaztea. Egia da biok heldu garela finalera partida bat galduta, guk haien aurka galdu genuen, eta haiek azkenekoa Etxeberriren eta Harizmendiren aurka. Baina ordurako ia finalean sartuta zeuden, eta uste dut lasaitasun horrekin aritu zirelako galdu zutela.
Oraingoan ere boteak garrantzi handia izango du, ezta?
Bai, dudarik gabe. Haiek oso gogorrak dira, eta garbi daukagu botearekin min handia egiten ez baldin badugu, zaila egingo zaigula partida irabazi eta txapela janztea.
Iaz txapela jantzi zenuten, eta aurten berriro ere finalean sartu zarete. Horrek zerbait esan nahi du, ezta?
Baietz uste dut. Iaz ere finala jokatu genuen, eta aurten ere bai. Uste dut lehiaketa ona egin dugula, eta hemen gaude. Hasi zenean hauxe zen helburua, finalean izatea, alegia, eta lortu dugu. Orain irabazi egin behar dugu, iaz egin genuen bezalaxe. Gerorako ez du balio finalean izateak bakarrik, jendea irabazleen izenez gogoratzen da, eta ez finala jokatu dutenen izenez.
Iaz ere ez zineten faborito, baina txapela irabazi zenuten. Aurtengoak ere iazkoaren itxura handia ez al dauka?
Bai, horrela da. Lehen partida galdu genuen, baina gero denak irabazi genituen. Finalera oso ongi heldu ginen eta txapela jantzi genuen. Aurten ere hori errepikatu nahi dugu.
Aurten ere behetik gora egin duzue. Finala zuen momenturik onenean heltzen al da?
Baietz uste dut. Bai Ozafrain bai ni ongi gaude, gogotsu. Txapelketak aurrera egin ahala hobekiago aurkitu gara, eta une oso onean dator finala.
Material aukeraketa astelehenean egin zenuten. Nolako pilotak aukeratu zenituzten?
Guk punpa gutxi egiten zuten pilotak aukeratu genituen, horiek dira gure jokorako onenak, eta horiek izango dira guretzat. Haiek, biziagoak, fiteago ibiltzen direnak hautatu zituzten, baina hori horrela izango zela bagenekien, haiek joko bizia dutelako. Dena dela, zeuden pilotak onak ziren, aitzakiarik gabekoak, eta uste dut bai haienek, baita gureek ere, ez dutela inongo aitzakiarik, batzuekin zein besteekin jokatzeko arazorik ez dela izango.
Horrek zer esan nahi du, zuek partida luzatzera joango zaretela?
Hori da, guk maite dugu kintzea lantzea eta partida gogortzea, eta horretan saiatuko gara. Hori da hasi aurretik nahi duguna, baina hori gero partidak berak esango du, agian aurretik pentsatu dugunak ez du balioko.
Beti esaten da Moderne trinket berezia dela, baina zuentzat ez da txarra, ezta?
Ez daukagu kexarik. Moderne trinket ona da pilotan aritzeko. Ni gustura aritzen naiz hemen jokatzen, iaz gainera, txapela ere irabazi genuen, beraz oroitzapenak onak dira. Hala ere, denok jokatu dugu Modernen, denok ezagutzen dugu ongi trinket hau, eta ez dut uste inongo aitzakiarik daukanik.