Xabier Gutierrez | Zornotza
Maitasunez
Lagun batzuek, asmo onenarekin, esan ohi didate gure herriari buruz, Zornotzari buruz, gauza txarrak idazten ditudala. Kasu egingo diet eta Zornotzako gauza onei buruz idatziko dut. Izan ere, onartu behar dut kalera irtetean pertsona handiak ikusten ditudala.
Bere betiko dendan Santos eta Concha aurkitzen ditugu, kartzeletan denbora gehien daraman presoaren aita eta neska laguna. Horiek duintasun osoz eramaten dute beren senidearen argazkia.
Talde feministako neskak ere ikus ditzakegu, XXI. mendean bete-betean sartuta, emakumeen kontrako biolentzia salatzen eta beren eskubideak aldarrikatzen jarraitzen dute.
Bestalde, euskal presoen eskubideen alde lanean diharduen jende nekaezina dago. Horiek kartelak eta pankartak jartzen dituzte eta egunero presoekiko injustiziaren aurka borrokatzen dira.
Zentral termikoaren aurkako borrokan ibili diren pertsonek (hauek ez hain gazteak) borroka asko egin eta gero, zentral termikoaren inposizioa ikusi zuten. Baina, inoiz ez diete kenduko duintasuna eta guztiontzako herri sano baten aldeko borroka.
Eta zer esan euskaltzaleei buruz, Euskal Herriko hizkuntza eta nortasun ikur nagusiaren alde tinko jarraitzen dute lanean. Hain zuzen, erakundeen aldetik erasoak jasotzen dituen eta baztertua dagoen hizkuntzaren alde.
Bazterketaren aurka eta justizia sozialaren alde lan egiten duten pertsonak, inongo etekin pertsonalik gabe, beren denbora librean gizarte indibidualista eta pasibo hau aldatzeko jarraitzen dute borrokan.
Beste batzuek beren denbora abiadura handiko trenaren aurka borrokatzen ematen dute. AHTk gure herria suntsituko du. Obra txikitzaile horrekin Euskal Herria desagertu egingo da. Beraz, pertsona horiek gu guztion onurarako lan egiten dute, euren denbora borroka honetan emanez.
Eta hor dabiltza gazteak, bai errepresioaren aurka, bai hezkuntza propioaren alde eta baita batukada joz ere, hiltzera kondenatu nahi duten herria berpizten saiatzen. Animo, gaztetxe bat baino ez zaigu falta.
Lagunek arrazoia daukate, zenbat gauza on dauden gure herrian. Zeuentzat nire besarkada handiena. Hala ere, beste egun baterako utziko ditugu jende pasiboa, indibidualista eta «munduko hiritarrak» direla esaten dutenak. Horien gainean ere asko dago esateko eta.