GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Mauleko futbol taldea berriro ere izan zena izateko prestatzen ari da buru-belarri

Zuberoa da Euskal Herriko herrialde txikiena; 15.000 biztanle ditu. Errugbia dagoen lekuan egonda, zail dute gainerako kiroletako taldeek burua ateratzea, baina futbol taldea asmo horrekin ari da. 101 urte bete ditu jada, eta lehen izan zena izateko prestatzen ari da buru-belarri.

p042_f02_63076.jpg

Jon LEUNDA

Mauleko futbol taldea ez da berria; dagoeneko 101 urte bete ditu. Aragoi ingurutik bertara joandako jendeak sortu zuen bertako lehen taldea. Gero, orain dela 80 urte inguru SAM taldeak hartu zuen talde hura, oraingoak, alegia. Azken urte hauetan futbolak egoera zaila bizi izan du Zuberoan, baina orain berriro ere goranzko bideari ekin diote.

Ipar Euskal Herriko futbolari buruz hitz egitean, beti Hego Euskal Herrikoarekin alderatu behar izaten da. Batzuek Estatu espainiarrean jokatu behar dute, eta besteek, Estatu frantsesean. Futbolaren egitura oso ezberdina da, ordea. Hego Euskal Herrian, zortzi maila besterik ez daude Lehen Mailatik azkenekora Bizkaian, zazpi Gipuzkoan, eta seina Araban eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, hamazazpi. Gainera, haiek hiru ligatan banatuta daude. Frantziakoan, Akitaniakoan, eta Pirinioetakoan.

Maule Pirinioetako Bigarren Mailan dago. Orain dela hamabost bat denboraldi, ordea, Akitaniako Ligako maila nagusian zeuden, Avironekin batera. Gaur egun, Baionakoak N1 Mailan daude, eta zortzi mailako aldea dago bi talde horien artean. «Garbi dago haiek gauzak ongi egin dituztela, eta guk, aldiz, ez. Haiek orain elitean daude, profesionalak dira, gu, aldiz, apalak gara oraindik», esan du Jacques Sarragoienek, Mauleko gazte mailako entrenatzaileak. «Urte gutxian ikaragarrizko maila pila galdu ditugu. Errua denona izan da. Egitura aldetik okerrak izan dira, administratiboki ere bai, eta guztiak kirol alorrean ere eragin du, eta azkenean sekulako maila pila galdu ditugu», gaineratu du.

Gauzak aldatzen hasi dira, eta orain itxaropentsuago daude: «Orain dela bi urte, talde bat besterik ez genuen, senior mailakoa. Gaur egun, 175 lizentzia ditugu, eta 3.000 lagun bizi diren herri bat dela kontuan hartuta eta herrialde osoan 15.000 biztanle besterik ez direla bizi ikusita, uste dut aurrerapauso handia eman dugula», onartu du Sarragoienek.

«Egun, senior mailan bi talde ditugu, eta 18 urtetik beherakoen talde bat, 15 urtetik beherakoen beste bat, bai eta 13 urtetik beherakoena ere. Gero, horri benjamin mailakoak gehitu behar zaizkio, eta baita futbol eskola ere. Horrek ere emango baititu emaitzak», azaldu du Jacquesek.

Itxaropen handia dute oraingo jokalariengan: «Lehen taldeak bi urtetan bi maila igo ditu, eta aurten ere bagenuen itxaropena, baina laugarren dago, eta zail izango du. Hala ere, aurten ez bada, heldu den urtean izango da, horrekin seguru nago. Bigarren taldea mailaz igoko da, eta baita 18 urtetik beherakoena ere. Jokalari onak ditugu, eta Maulen futbolerako grina berriro piztu da», esan du gazteen entrenatzaileak. Izan ere, klubean dauden jokalarientzat hitz onak besterik ez ditu: «Jende oso gaztea daukagu, baita lehen taldean ere. Helburua Akitaniako Ligako maila nagusira heltzea izan behar dela uste dugu, baina emeki-emeki joan behar dugu. Gaia badaukagu, eta lanean jarraitu behar dugu», esan du Sarragoienek.

Ipar Euskal Herrian errugbia da nagusi, eta futbolak askori ikara ematen dio, kirol honek gora egiten badu, errugbiari kalte egingo diola uste baitute, eta futbolari trabak jartzen saiatzen dira. Baionan gertatu zen, eta baita Maulen ere: «Gertatzen dena da, Baionan 60.000 lagun bizi direla, eta Lapurdin 200.000. Han badute lekua denentzat, eta gauzak ongi eginda, futbola goi mailara eraman dute. Hemen zailagoa da, baina une honetan errugbiarekiko harremana ona da», adierazi du Jacquesek.

«Azken urte hauetan ere izan dira gorabehera batzuk hainbat jokalarik futbola utzi eta errugbira pasa direlako. Horietako bat Etxart izan da, Niko Etxart kantariaren semea. Athleticen ere ibili zen probak egiten, baina azkenean errugbira pasatu zen. Orain futbolaren egoera hobea denez, ez dugu uste horrelakorik gertatuko denik».

Jokalari gazteak eta onak ditu une honetan Maulek, eta horietako bat Etxegoien da: «Gazte mailako jokalaria da, baina gol asko ari da sartzen, eta bigarren taldearekin ere aritu da. Paue eta Avironek jarraipena egin diote. Mauletik joango balitz, alde batetik pena hartuko genuke, gure taldeak jokalari on bat galduko lukeelako, baina bestetik poztu egingo ginateke, urrats bat aurrera emango lukeelako», onartu du entrenatzaileak. Futbolak orain duen egoera harmailetan ere nabari da, gero eta ikusle gehiago izaten baitira etxean ari direnean: «Iritsi zen une bat ia inor joaten ez zena. Orain dezente igo da, eta etxean ari garenean, eta errugbi partidarik ez badago, jende ugari etortzen da ikustera», esan du Sarragoienek.

Garbi dago beraz, Zuberoako hiriburuan futbolaren egoera hobera doala, eta hori da garrantzitsuena, 101 urte ez baitira alferrik pasatzen. Ipar Euskal Herriko talderik garrantzitsuenetakoa izan da Avironekin, Genetsekin, Arin Luzienekin, Croisesekin eta Biarritzekin batera. Urte oso txarrak pasatu ditu, hondoa ere jo du azken urte hauetan, baina orain goranzko bidea hasi du, eta lanean nola ari diren ikusita, izandakoa izatera heltzeko itxaropen osoa izan dezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo