Atzo Ajuria Enean, gaur Gernikan, eta etzi Gobernu berria
GARA |
Dena prest dago gaur Gernikan Patxi Lopezek lehendakari kargua har dezan. Atzokoan, bilera pribatua egin zuen Juan Jose Ibarretxerekin Ajuria Enean, kasualitatez ETBko kamerek zuzenean erakutsi zuten moduan. Bertan, Lopezi oraingo egoeraren eta gobernu kudeaketaren berri eman zion Ibarretxek. Gaur Lopezek kargua hartuta, larunbatean haren gobernukideek izango dute dagokien hitzordua.
Ikusmina piztu du gaurko ekitaldiak, besteetan baino handiagoa. Izan ere, formula berri batez baliatuko omen da Lopez, eta ez bakarrik adieraziko dituen hitzei dagokienez -Jaungoikoaren aipamena baztertzekotan dago-, baita Konstituzio espainola har dezakeelako ere karguaren zina egi- teko unean.
Patxi Lopezek ez du baieztatu, baina hori da hainbat hedabidek iragarri dutena. Orain arte EAJko ordezkariek Biblia hartu izan dute karguaren zina egiteko.
ETAren biktimak eta ministroak
Estatu espainoletik ordezkari ugari bertaratuko da ekitaldira, horien artean, ETAren biktimen elkarteetako kideak eta Gobernuko ordezkariak. Jose Luis Rodriguez Zapatero ez da Gernikara agertuko, antza denez, baina bai Maria Teresa Fernandez de la Vega lehen presidenteordea, Manuel Chaves hirugarren presidenteordea, Administrazio Publikoetarako kudeaketa daramana, eta Cristina Garmendia donostiarra, Ikerkuntza arloko ministroa.
Zapaterok igande eguerdian ospatuko du Lopezen kargu-hartzea PSOEk Madrilgo zezen-plaza batean egingo duen ekitaldi politiko erraldoi batean, Europako hauteskundeei begirakoa.
Ez dirudi, hala ere, lehendakari berria Moncloako jauregian laster hartu behar duenik. Aurretik Galiziako eta Andaluziako presidente berriekin bilduko da Zapatero, hau da PPko Alberto Nuñez Feijoorekin eta PSOEko Juan Antonio Griñanekin.
Sailburu berriak, prest
Gaur eta bihar jakinaraziko du Lopezek zeintzuk osatuko duten Gobernu berria, etzirako baitago iragarrita horien kargu-hartzea Ajuria Enea jauregian.
Aldaketarik ez bada, lehendakariorderik ez da izango Gobernu horretan -horrela islatuko du Lopezek Administrazioan ezarriko omen duen murrizketa-. Ustekaberik ezean, Rodolfo Ares arduratuko da Barne Sailaz; Isabel Celaa, Hezkuntzaz; Idoia Mendia, Administrazio Publiko eta Justiziaz; Gemma Zabaleta, Gizarte Politikez; Iñaki Arriola, Garraiobideez; Pilar Unzalu, Ingurumenaz; Blanca Urgell, Kulturaz; Rafael Bengoa, Osasunaz; eta Bernabe Unda, Industriaz.