GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Seaskak hamaika lanpostu egonkortuko ditu Parisekin adostu duen akordioarekin

Ikastolen Kontseiluak berretsi behar du astearteko bileran adostutako akordioa. Berrestekotan, urteko 120.000 euroko laguntza hiru urtez jaso, eta Lehen Hezkuntzako hamaika lanpostu egonkortuko lituzkete.

Ainize BUTRON |

Euskararen Erakunde Publikoak eman zuen berria, asteartean: urte luzeko negoziaketen ondotik, Hezkuntza Ministerio frantsesak eta Seaskako arduradunek hitzarmena adostu dute. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoko, Seaskako eta Hezkuntza Ministerioko ordezkariak elkartu ziren Parisen, asteartean, eta bertan, hiru urterako hitzarmen bat finkatzea lortu zuten. Horren bidez, Seaskak, Lehen Hezkuntzako hamaika lanpostu iraunkor bihurtzea lortu, eta beste 120.000 euroko dirulaguntza eskuratuko luke. Seaskak milioi eta erdi euroko aurrekontua du, eta horri gehituko lioke zenbateko hori. Euskararen Erakunde Publikoa arduratuko litzateke laguntza hori bideratzeaz.

Atzo, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak iragarri zuenaren arabera, hitzarmenari esker 2009-2010 urteko sartzea aurreko urteetan baino «baldintza hobeagoetan» eginen da. Halere, lortutako adostasunean ñabardura bat agertu zuen, oraindik izenpetu ez den testua zela gogoraraziz. «Adostasuneko testu bat da, orain Ikastolen Kontseiluak onartu behar du», argitu zuen. Kontseilu hori noiz iraganen den zehazteke zuten.

Murgiltze sistema

Lortutako akordio horren edukia ere aipatu zuen Seaskako lehendakariak. Izan ere, hitzarmenaren hitzaurrean, murgiltze sistemaren aipamen zehatz bat dago. Paskal Indok, halere, hitzarmen horretan finkatutako 120.000 euroko dirulaguntza hemendik Herri Urrats festa bitartean emendatua izango zela espero zutela adierazi zuen. Seaskako arduradunekin batera, Hezkuntza Ministerio frantsesak ere lortutako akordioa berretsi zuen atzo agiri baten bidez.

Seaskako arduradunek, beraien aldetik, igandean Senperen eginen den Herri Urratsen karietara eginen dute lortutako akordioaren balorazio ofiziala. Bestalde, Europako hauteskundeetarako hautagaitza abertzaleak -Euskal Herriaren Alde-, ikastolen bestarako deia egiteaz gain, lortutako akordioa «blokeoa gainditzeko» baliagarria izanen dela espero dutela esan zuen. Halere, euskarak behar duen tokia lortu arte, Herri Urrats bezalako hitzorduetan parte hartzea ezinbestekoa dela aipatu zuen azkenik Euskal Herriaren Alde hautagaitzak.

beste Urrats bat

Berrogei urteko ibilbidean, Hezkuntza Ministerio frantsesarekin asteartean adostutako hitzarmena Seaskaren aintzatespenean beste urrats bat dela nabarmendu zuen Paskal Indok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo