GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Berriro ere «terrorismoa» eta «alboko kalteak»

Ez da AEBetako Armadak zibilak bonbardatu eta hil dituen lehenbiziko aldia, Afganistanen bertan ere ez da lehenbizikoa izan. «Alboko kalteak» esaten diete. Hamid Karzai Afganistango presidenteak, ohi bezala, onartezintzat jo zuen 100 zibil ingururen hilketa, atzo Obamarekin bildu baino lehen. AEBetako estatu idazkari Hillary Clintonek deitoratu egin zuen Afganistango zibilen heriotza, baita halakorik errepikatu ez dadin saiatuko direla esan ere. Baina Karzai, AEBen estrategiaren parte den presidentea, «terrorismoaren aurkako borrokan» aurrera egiteko prest agertu zen. Bestela esanda, Afganistanen okupazioaren alde egiteko prest, Asis Ali Zardari Pakistango presidentearekin batera. Nahiz okupazio horren ondorioak nabarmenak eta, Karzairen hitzetan, «onartezinak» diren: biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak eta -Zardarik Washingtonera garaikur gisa zenbait taliban hil izana eraman bazuen ere- Swat haraneko exodoa. Lekuko iturrien eta NBEren arabera, gutxienez 40.000 lagunek ihes egin dute Mingoratik, haraneko hiririk handienetik, alegia, erasoen beldur, eta milioi erdik utz lezake Swat harana, dagoeneko ihes egin dutenak kontatu gabe. AEBen kanpo politikaren arreta Afganistan eta Pakistanera bildu izanak Islamabadeko Gobernuaren gaineko presioa areagotu du eta Zardaik laguntza agindu dio, Pakistanen larrutik ordain lezakeen laguntza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo