GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Enplegua erregulatzeko espedienteak krisiari aurre egiteko... langileen kontura

Krisi ekonomikoaren ondorio kaltegarriak eguneroko hizpide dira; hala ere, finantza guneetatik, enpresaburuen elkarteetatik eta administrazioetatik ondorio horiek herritar guztientzat latzak direla esaten badute ere, haien gogorkeria ez dute gune horietako edo administrazioetako arduradunek jasaten, langileek baizik. Gehienek, krisiaren errurik ez dutenek, alegia. Herenegun Hego Euskal Herriko langabeen kopurua jakinarazi zuten: 1.100dik gora lagun, ia-ia 1997an langabeziak iritsi zuen kopurua. Atzo berriz, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek martxoan onartutako enplegua erregulatzeko txosten kopurua: 307, Madrilek onartzen dituenak kontuan hartu gabe. Hartara, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken hiru hilabeteetan eta Nafarroan azken lauretan, 32.000 langileri eragin diete erregulazio espedienteek, 1994tik izan ez den kopurua. Hori da enpresaburuek, administrazioaren laguntzarekin, krisiari aurre egiteko duten modua. Horiek esaten dutenez, krisia denen kontua da eta denen artean egin behar zaio aurre. Egia besterik da, ordea. Krisia eurek eragin dute eta langileek egiten diote aurre. Bada horrelako bidegabekeria nabarmenei aurre egiteko garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo