XIBA Jai giroa nagusi
Leitza izan da garaile Nafarroa Garaiko euskal jokoen VI. kanporaketan
GARA | GOIZUETA
Leitzako taldeak Goizuetan ospatutako Nafarroa Garaiko euskal jokoen VI. kanporaketan lehen postua lortu zuen iragan larunbatean; 116 puntu lortu zituen eta estreinakoz parte hartu zuen Etxarri-Aranatzen aurretik amaitu zuen.
Ikastolen Konfederazioak antolaturik, Euskal Herriko kirol eta jokoak bultzatzea helburu duen ekimen hau Goizuetako Txino auzoko pilotalekuan, plazan, Urumea ibai gaineko zubian eta aldameneko errepideak mugatzen duen herri eremu bitxi batean egin zen. Bertan sei taldek hartu zuten parte: Leitza, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Goizueta II, Hiru Herri eta Huarte-Arakil.
Sailkapeneko lehendabiziko hiru taldeak ekaina bukaeran egingo den Xiba finalean izango dira. Laugarren taldeak (Hiru Herri), berriz, beste herrialdeetan bildutako emaitzen arabera izango du finalean sailkatzeko aukera.
Besteak beste, ingudean, harri altxatzean eta dantzan aritu ostean, Goizuetako pilotalekuan jai giroan jarraitu zuten Xiban parte hartu zutenek, antolatzaileek eta herritarrek. Hala, zortziehun biztanle dituen herri batean laurehun lagunentzako herri bazkaria antolatu zuten. Hain biztanle gutxiko herria izanda, aipatzekoa da bi talde sortu izana ere.