GARA > Idatzia > > Mundua

NATOk atzo hasi zituen Georgian egin behar dituen maniobrak

Errusiaren haserrea piztu duten NATOk antolaturiko maniobrak atzo hasi ziren «aurreikusita zegoen bezala», Tbilissiren arabera. Halere, azken orduan, Serbiak uko egin zion bertan izateari eta Aliantzak errieta egin zion Saakachviliri maniobrak NATOrenak bezala aurkezteagatik.

GARA |

Atzo hasi ziren, aurreikusi bezala, NATOk Georgian egin nahi dituen maniobrak. Errusiak ez du begi onez ikusten asmo hori, eta asteartean, Georgian Estatu kolpe saiakera bat izan zen -ustez maniobra horiengatik protestatzeko-, Tbilissiren eta Moskuren arteko harremanak are gehiago ozpindu dituena.

«Guztia aurreikusitakoaren arabera ari gara burutzen», adierazi zuen Giorgi Kakiatxvili Georgiako Defentsa Ministerioko eledunak. «Parte-hartzaileak gaur bildu dira planifikatzeko bilera egiteko», gaineratu zuen.

Jarduketa militar hauek hilabete iraungo dute eta bertan 1.100 soldaduk parte hartuko dute, bai NATO osatzen duten herrialdetakoak, bai Aliantza Atlantikoaren Bakearen Aldeko Taldeko kideak, esaterako, Georgia.

Errusiak behin baino gehiagotan salatu ditu maniobra hauek eta bertan behera uzteko eskatu zuen, joan den abuztuan Georgiarekin izan zuen gerra amaitzeko sinatutako bake-akordioa apurtzea dela iritzita.

NATOk, berriz, akusazio horrek oinarririk ez duela nabarmendu, eta erakundeko kideen eta euren aliatuen arteko jarduketa bat dela nabarmendu zuen. Horrekin batera, Errusiari begirale gisa bertan izateko eskaintza egin ziotela eta Moskuk uko egin ziola gogorarazi zuen NATOk.

Serbiak ere maniobra hauetan parte-hartzeari uko egin zion, «ez baitugu onurarik aterako eta kide ditugun herrialdeekin haserretu nahi ez dugulako», adierazi zuen Belgradek.

NATOk, bestalde, gogor kritikatu zuen Georgiako presidente Mijail Saakachvilik maniobra hauek aurkezteko erabilitako hitzak, izan ere, «ez baitira NATOren maniobrak, NATO eta beraren aliatuenak baizik».

zigorra

Errusiako Atzerri ministroak NATOrentzat Moskun lan egiten duten bi kanadarri herrialdea uzteko agindu die, Georgiako maniobrengatik zigor gisa, adituen ustez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo