Tortura kasuez mintzatzeko Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin nahi du TAKek
Torturaren Aurkako Koodinakundeak Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran parte hartzeko eskaria egin zuen atzo. Agerraldi horretan azken hilabeteotan Nafarroako hainbat herritarrek aurkeztu dituzten tortura eta tratu txarren salaketen inguruan hitz egin nahi du.
GARA |
Torturen Aurkako Koordinakundeak Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran parte hartzeko eskaria egin zuen atzo. Bertan, azken hilabeteotan atxilotuak izan diren nafarrek salatu dituzten tortura eta tratu-txar salaketen inguruko kezka helarazi nahi du koordinakundeak. Hala, atzo, eguerdiko hamabietan, Koordinakundearen Euskal Herriko ordezkari Carlos E. Hernandez Parlamentuan izan zen eskaria idatziz aurkezteko.
«Nafar legebiltzarkideei ohartarazi nahi diegu tortura salaketa hauek errepikatu ez daitezen hainbat neurri hartu behar direla, eta zentzu horretan, komisarietan tratu txarrik berriro gerta ez dadin hainbat gomendio eman nahi dizkiegu. Horrelako egoerak desagerrarazteko zer nolako konponbideak dituzten entzutea ere gustatuko litzaiguke», azaldu zuen Koordinakundeak komunikabideei igorritako agiri baten bidez.
Ildo horretatik, giza eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek berriki kaleratu dituzten hainbat txosten helaraziko dizkiete legebiltzarkideei. «Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak eta bereziki bertako kontalari berezi Martin Scheininen txostenaren berri eman nahi diegu», azaldu du torturaren aurkako borrokan ari diren 44 erakunde biltzen dituen Koordinakundeak. Txosten hauetan Estatu espainolari atxilotuei ezartzen dien inkomunikazioa desagerraraz dezan eskatzen zaio.
Hamabost tortura salaketa
Joan den urteko abuztutik azaroa arte Guardia Zibilak eta Polizia espainolak gazte independentisten aurka egindako sarekadetan guztira hamabi pertsona atxilotu zituzten Nafarroan, eta gehienei Segi-ko edo Ekin-eko kide izatea edota kale borrokako ekintzetan parte hartzea leporatu zieten. Horietako hemezortzi lagun inkomunikatu zituzten eta hamabostek torturak pairatu izana salatu zuten. Gainera, hiru ospitalera eraman behar izan zituen poliziak.
Handik gutxira Nafarroa Bai-k atxilotuen senideek torturen inguruan hitz egiteko Parlamentuan agerraldia egin zezaten proposatu zuen, baina UPNk, PSNk eta CDNk ez zuten onartu.
Torturaren Aurkako Koordinakundeko kideek, tortura kasuak ekiditeko, inkomunikazio aldia desagerraraztea beharrezkoa dela ohartarazi nahi diete legebiltzarkideei.