GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | «Le Manguier» ontzia Pasaian

Ekonabigazioa posible dela frogratzeko, 9.000 itsas miliako bidaia

Hamar pertsona eta bederatzi mila milia, helburu bakar batekin: ekonabigazioaren kontzeptua munduan barna zabaltzea, zehazki, Korsikatik Japoniarainoko ibilbidean. Gutxiago kontsumituz eta gutxiago kutsatuz ere itsasoan nabigatzea posible dela frogatuko dute itsas laborategi honetan. Atzo pasaiako portuak hartu zuen bisitari deigarri hau.

p022_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Pasai Donibaneko Bonantza portuan bisita berezia zuten atzo. Herritarrak ere konturatuak ziren, kazetari eta argazkilarien presentzia tarteko, «Le Manguier» ontzia ez dela besteak bezalakoa, ez dela ohikoa. Turismoa egiten ari ziren atzerritar batzuek ez zioten tankera berezirik hartu, antza, eta San Pedrora igarotzeko txalupa zelakoan barruraino sartu ziren, zailtasunak zailtasun.

Kanpoko itxura apartekoa ez da, kontuan izan behar baita 1968an eraikitako atoiontzi bat duela oinarria; baina ontziaren xedea eta ibilbidea bereziak dira oso. «Le Manguier» ontziko tripulazioaren helburua bide luze horretan, «gutxiago kontsumituz eta gutxiago kutsatuz» bidaiatu daitekeela frogatzea da. Hala, azaldu zuen espedizioko buruak, Philippe Hercher marinel korsikarrak. Aldamenean beste bederatzi pertsona izango ditu: Cecile Zawieja, France Pinczon du Sel, Eric Brossier, Philippe Rigaud, Karin Huet eta Judith Puzzuoli. Eta guztiekin batera, abentura zirraragarri hau egingo dute sei urte dituen Agathe eta bi urteko Léonie neskatilek ere bai.

Orain hilabete eskas abiatu zen Bastieko (Korsika) portutik eta urrian Tokion izatea aurreikusten dute, aurretik Bretainia, Britainia Handia, Errusia... igarota. «Ibilbide hau kutsaduraren adierazle da; klima aldaketa medio, izotza gero eta gehiago desegiten da eta Ipar Poloaren ondotik pasatzeko aukera dugu», azaldu zuen.

Itsas nabigazio garbi eta jasangarriago bat egiteko baliabide bereziak ditu 2002. urtean erabat eraberritu zuten ontzi honek. Hala, ontzia oraindik ere merkatuan ez dagoen pinturaz dago margotuta, «pintura ekologikoaz»; izan ere, Hercherrek azaldu zuenez, bidaietan lapak eta itsas algak ontzira itsatsi eta hondatu ez dezaten gaur egun baliatzen diren margoak toxikoak dira oso eta itsas faunari kalte egiten diete. «Tokiora iristen garenean frogatuko dugu margo ekologikoak ere balia daitezkeela, eta inolako arazorik gabe, gainera», aurreratu zuen konbentzituta.

Ekologikoa eta ekonomikoa

Baina horretaz gain, energia kontsumoa gutxitzearren, ontziak motorra eta belak baliatzen ditu bidaiatzeko. «Belak software baten bidez maneiatzen dira eta haizearen indarra eta norabidearen arabera zabaltzen dira». Gisa honetan, adierazi zutenez, energia kontsumoa %15 eta %20 bitartean murriztea lortzen dute. «Ekonomiko interesgarria da, baina ekologikoki ere bai». Eurek proposatzen duten eredua gainera, edozein itsasontzirentzat baliagarria da, bai garraioan aritzen direnentzat bai gainerakoentzat.

Ontzian erabilitako ura, itsasora garbiturik botatzen dute -noski, ezin zuen bestela izan-, horretarako dituzten filtroei esker; eta euren funtzionamendurako, panel fotovoltaikoak eta bero-metagailuak dituzte. Kutsagarriak izan daitezkeen elementuak ahalik eta gehien murrizte aldera, gainera, erabiltzen dituzten garbigailu eta xaboiak ere ekologikoak dira.

Azken batean ekonabigazioaren erabilgarritasuna eta egokitasuna frogatu nahi dituzte hilabete hauetan laborategi-ontzi honetan, «itsas industria bera baita» itsasoaren etsai handienetariko bat, Albaola elkarteko presidenteak, Xabier Agotek ohartarazi zuenez. «Ontzigintzak, itsas garraioak, arrantza industrialak edota aisialdiko ontzien jarduerak berak ere ingurumenari erasotzen diote». Horretaz jabetuta ekin zion Albaola elkarteak proiektu honetan parte hartzen duen Econav sarearekin bat egitera. «Albaolak itsas ondarea babestea du helburu, baina bide horretan itsas ingurugiroa zaintzea ere ezinbestekotzat dugu», adierazi zuen.

Pasaiako alkatea, Maider Ziganda, ere gustura agertu zen «Le Manguier» ontziaren bisitarekin, eta kostaldeko herri honek itsasoarekin izan duen lotura estua nabarmendu zuen. «Iragana itsasoari lotua dugu eta etorkizuna ere hala izatea nahi dugu, beraz, itsasoa zaintzea ezinbestekoa da», ohartarazi zuen.

Ontziak bihar edo etzi utziko du Pasaia Bretainia alderantz abiatzeko, baina interesa duenak egunero jarraitu ahalko ditu ontziaren eta tripulazioaren gorabeherak www.navirelemanguier.com helbidean, baita Albaola elkartearen webgunean ere www.albaola.com.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo