Krisiaren aurkako neurriak, errenta altuen mesedetan
Atzo Madrilgo Kongresuan Rodriguez Zapatero presidente espainiarrak beste neurri multzo bat iragarri zuen atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko. Esate baterako, etxebizitza erosten dutenentzako laguntzak desgrabazio bidez, higiezinen enpresek pozik hartutako neurria; auto berriak erosteko laguntza zuzenak, Gobernuak eta autogintzak adostutako moduan; lanpostuak mantentzen dituzten enpresei etekinen gaineko zerga berriro jaitsiko diete... Kontua da errenta txikiena dutenek, laguntza gehien behar dutenek, ezin dutela etxebizitzarik erosi, eta dirua hain merke lortzen duten bankuek ez dietela mailegurik emango. Beraz, argi dago neurri horiek ez dituztela pentsatu errenta eskas horiei begira. Bitxia da etekinen gaineko zerga jaistea, normala denez, etekinak dituztenei baino ezartzen ez zaiena, eta bitxiagoa lanpostuak mantendu behar dituztela gaineratzea; izan ere, etekinak izanda, zer dela-eta murriztu beharko lukete langile kopurua? Bitxia, halaber, eta harrigarria, goi karguen gastuak, alegia, dietak-eta bereziki zainduko dituztela iragarri izana, harrigarria oraindik neurri hori ez zegoela indarrean jakitea. Berriro ere, joan den urtean hartu zituztenak bezala, errenta altua dutenei mesede egiteko neurriak. Eta, edonola aurkeztuta ere, langileek, langabeek, krisiaren ondorioak gordinen jasaten dituztenek neurri horietatik kanpo segituko dute.