GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariaren izenean

Maiatzaren 21ean, langile guztiak greba orokorrera!

Kaltetuenak gazteak, emakumeak eta etorkinak dira. Baina hauen atzetik gainontzekoak etorriko dira. Patronalak gobernuak presionatzen ari dira, kaleratzeak merkatzeko

ELA, LAB, ESK, STEE, HIRU eta EHNEk maiatzaren 21erako deitu duten Greba Orokorrak erakusten du krisiaren aurka langileek duten mobilizatzeko beharra. Azken hileetan milaka lanpostu suntsitu dira, ehunka erregulazio espediente onartu dira, soldatak murriztu dira eta okerrena da langileen aurkako erasoak hasi besterik ez direla egin. Euskal enpresariek eta horiek ordezkatzen dituen alderdiak, PNVk, beren herria horrenbeste «maite» dutenek, ez daukate zalantzarik langileen aurka neurri gogorrak ezartzeko: lan harremanak indibidualizatzeko negoziazio kolektiboa bukatu, kaleratzeak merkatu, erretiro adina eta pentsioa jasotzeko urteen kalkulua luzatu, enpresaburuen kotizazioak murriztu eta osasunean, hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago egin. Esaten ari zaizkigu erreforma hauek oinarrizkoak direla, gobernuak milioika euro bankujabeen eta enpresaburuen poltsikoetan sartzen ari diren bitartean. Eta Eusko Jaurlaritza berriak, burgesia espainiarra ordezkatzen duen alderdiarekin akordiora heldu denak, krisiaren arazoak konpontzeko berari botoa eman zioten langile asko ere traizionatuz, espainiar eta euskal herritar kapitalisten interesak defendatzen jarraituko du.

Krisiaren benetako arrazoiak gorde nahi izan dizkigute kapitalismoa salbatzeko. Baina sufritzen ari garen krisia kapitalismoaren funtzionamenduaren ondorio zuzena da. Kapitalismoan helburua ez da herritar gehienen beharrak asetzea, bankujabe eta enpresaburu gutxi batzuen irabaziak bermatzea baizik. Orain, merkatuak geldituta daudenean eta enpresariek ezin dutenean saldu ekoiztu dezaketen guztia, krisiari aurre egiteko aitzakiarekin, lanpostuak suntsitzen eta soldatak murrizten ari dira ekoizpen kostuak aurrezteko eta horrela irabaziak mantentzen jarraitzeko. Krisi kapitalista guztietan gertatu den bezala, krisi honetan ere, kapitalista, bankujabe eta gobernuek langileen bizkarrera bota nahi dituzte krisiaren ondorioak.

Kaleratu dituzten lehenak kontratu prekarioak edo aldi baterakoak zituzten langileak izan dira. Horregatik, kaltetuenak gazteak, emakumeak eta etorkinak dira. Baina hauen atzetik gainontzekoak etorriko dira. Patronalak gobernuak presionatzen ari dira, kaleratzeak merkatzeko eta langileak kalera errazago botatzeko. Hau guztiagatik, langile guztiak, prekarioak, finkoak, gazteak, emakumeak edo etorkinak izan, elkartuta egin behar dugu borroka eta kalera irten. Uste dugu UGT eta CCOOko agintariek akats larria egiten dutela greba orokor hau babestu gabe. Konbentzituta gaude sindikatu hauetako delegatu eta afiliatu asko maiatzaren 21ean kalera ateratzearen alde daudela. Langileen banaketan interesa duten bakarrak enpresaburuak eta sindikalista erreformistak dira.

Ezin da amaitu enpleguaren suntsiketarekin bankujabe eta enpresaburuei milioika euro emanez. Baliabide horiek guztiak gehiengoaren onerako erabili beharko lirateke eta ez gutxiengo kapitalista bizkarroi baten onerako. Horrela, diru publikoa erabil liteke langabeziaren arazoa konpontzeko, gizarte zerbitzuak defendatzeko eta gehienen ongizatea hobetzeko. Bankuak nazionalizatuko balira, langileen kontrolpean, aberastasun hori guztia erabil liteke ospitale, ikastetxe eta etxebizitza publikoak eraikitzeko. Honekin batera, beharrezkoa da lanpostu guztiak defendatzea krisian dauden enpresak nazionalizatuz eta lan jardunaldia murriztuz inolako soldata murrizketarik gabe, denok enplegu duin bat izan dezagun. Bankuak, enpresa handiak eta krisian dauden enpresak nazionalizatuz, ekonomia demokratikoki planifikatu ahalko litzateke eta kapitalismoaren miseriei amaiera jarriko lieken gizarte sozialista bat eraikitzeko zutabeak jarriko lirateke.

Langile guztiei dei egiten diegu greban parte hartzera eta politika iraultzailearen alde borrokatzera. Lanaren banaketa eta lan jardunaldiaren murriztea, soldata murrizketarik gabe! Langabezia sorospen mugagabea langabe guztientzat! Etxebizitza duin bat! Eskubide sindikalen murrizketarik ez! Antolatzeko eta manifestatzeko eskubidea! Alderdien Legeari ez! Autodeterminazio eskubidea! Banku, enpresa handi eta krisian daudenak nazionalizatzea langileen kontrolpean!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo