Maider Iantzi Kazetaria
Ez nuke partida ikusi gabe hil nahi!
Futbolaz maitemindu nintzen gero emakumeez eginen nintzen bezala: bat-batean, azalpenik gabe, nire kritikarako gaitasuna batere erabili gabe, esperientziak berarekin ekarriko zituen min eta ezusteetan pentsatzen jarri gabe», kontatzen du Nick Hornby Arsenalen jarraitzaile sutsuak «Fiebre en las gradas» liburu autobiografikoan. 11 urterekin partidetara joaten hasi zen aitarekin eta harrituta gelditu zen amorruak edo desesperazioak itxuraldatutako hainbertze aurpegi ikusita. Berriak ziren mutikoarentzat publikoa sufritzen egoten den ikuskizun horiek. Nola susmatuko zuen orduan, gero bizitzako gauza garrantzitsu guztiak futbolarekin lotuko zituela, «ez nuke denboraldi erdian hil nahi» erraten duten zale horietakoa izanen zela!
Baina kirol honen indarra eta boterea mugagabeak dira. «Familia zuri-gorrian», bertze koloreetakoetan bezala, denetariko jendeak bat egiten du, ezkerrekoak eta eskuinekoak, behartsuak eta aberatsak. Bertze gauza batzuetarako hala elkartuko bagina... Futbolak batu ez ezik, banatu egiten du, ordea; arazoak ahantzarazi, talde baten parte sentiarazi, entretenitu, baretu. Futbola agintariek herritarroi ematen diguten aspirina da, egiatan eragiten diguten kontuak gutxiago sentitzeko, arreta desbideratzeko. Herria egiteko ere balio du. Gaur besta handia da bilbotarrentzat, bizkaitarrentzat, euskaldunontzat. Kolore guztietako begiak jarriko dira puntu berera begira, eta gertatzen dena gertatuta ere, izanen dugu zer ospatua, nahiz eta futbola ez gustatu eta tutik ere ez ulertu. Futbolarena baino handiagoa baita oraindik komunikabideen indarra, hainbertze ama ere emozionatu zela berriki Barçak eta Chelseak jokatu zuten partidarekin, ia-ia Guardiolarekin batera saltoka hasteraino.