GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak Angeluko Torneoa

Binakako Txapelketako finalaren errebantxarekin abiatuko da lehiaketa


Jon LEUNDA | ANGELU

Angeluko Torneoa izena hartzen ari da, eta aurtengorako ere egitarau dotorea aurkeztu dute. Etzi jokatuko dira finalerdiak, eta datorren asteazkenean, berriz, finala. Bertan, amaitu berri den Binakako Txapelketako lehenengo hiru bikoteak arituko dira, baita Xala ete Waltari ere, elkarrekin bikoa osatuz.

Etzi, 19.00etan hasiko da lehen partida, Binakako Txapelketako finalaren itxura hartuko duena, Ibarrola eta Ozafrain Sorhueten eta Etxetoren aurka neurtuko baitira. Orduan lehenengo bikoak lortu zuten garaipena, baina hau beste partida bat izango da, nahiz eta trinketa tankerakoa den, kristalezkoa baita Angelukoa ere.

Bigarren finalerdia ere oso erakargarria izango da. Alde batetik Etxeberri eta Harizmendi izango dira, Binakakoan hirugarren postuan geratu zen bikoa, eta bestetik, Xala eta Waltari. Kubatarra berriro ere gibelean arituko da, eta oraingoan Xala izango du kide. Lekuinekoak urtean zehar partida bakar batzuk jokatzen ditu trinketean, EPB eta Aspe enpresek duten hitzarmena medio, eta torneo honetan arituko da, nor baino nor. Partida honetan ez da faborito garbirik ateratzen.

Bi finalerdietako irabazleak maiatzaren 20an neurtuko dira finalean, eta jaialdi hori 20.00etatik aitzinera jokatuko da. Angeluko lehiaketa, binaka jokatzen den garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Une honetan, Binakakoa eta Masterra bakarrik dira ziur aski bera baino garrantzitsuagoak, eta harmailetan ere nabaritzen da hori, bete egingo baitira bi egunetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo