GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Ipar Kutxa Torneoa

Egutegia osatzeko binakako torneoa osatu du EPELek

Titin-Pascual / Olaizola I.a-Mendizabal finalerdikoa Villamedianan jokatuko da, larunbatean. Berasaluze VIII.a-Begino / Gonzalez-Laskurain, Bermeon, hilaren 22an.

GARA | DONOSTIA

Urteko zitarik garrantzitsuena den Buruz Buruko Txapelketak hurrengo asteetan lehiaketarik gabe utziko dituen asteburuetarako Ipar Kutxa Torneoa antolatu du EPELek, hein handi batean, telebistek emango dituzten partidek interes berezia izan dezaten. Bakarkako lehiatik at geratu zaizkien pilotaririk onentsuenak jarriko dituzte lehian Aspek eta Asegarcek torneo berri honetan, finalerdietan elkarren aurka arituko diren bina bikote aurkeztuta.

Larunbat honetan, igandean Juan Martinez de Irujok eta Oinatz Bengoetxeak jokatu behar duten Buruz Buruko finalerdiaren bezperan, Villamedianan ekingo diote txapelketa honi Titin-Pascual eta Olaizola I.a-Mendizabal bikoteek.

Errioxar aurrelaria eta Añorgako atzelaria dira, Pablo Berasaluzerekin batera, bakarkako lehian aritu ez diren pilotari bakarrak, baina Triciokoak beti eman ohi du maila bikaina binakako partidetan eta Binakako txapelaren atarian geratu zen gipuzkoarrak Olaizola anaiaz aldatu eta nolabait, Martinez de Irujo eta Goñi III.ak sartu zieten arantza kendu nahi izango du. Asierrek aldiz, min hartuta denbora dexente eman ostean, udako maratoirako bere sasoia onera ekartzeko probestuko du txapelketa hau, Ruben Belokiren aurka tanto bakarraz galdu ostean.

Bigarren finalerdia hurrengo ostiralean jokatuko dute Bermeon Irujori lan ederrak eman zizkion Gonzalezek eta Laskurainek, iazko udaran ia-ia bikote garaiezina osatu zuten Pablo Berasaluze eta Beginoren aurka. Berrizko aurrelariak zaintiratua izan berri du, baina bere osatze prozesua ondo doa, eta burua udan jarria du honek ere.

Txapelketa honetako finala hilaren 29 edo 30ean jokatuko da, eta frontoia zehazteke dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo