Txapelpunk iparrorratzik gabe ontziratzen da soinuen itsasoan
Iñigo Txapel lekeitiarrak laugarren punk emaitza eman du Baga Biga diskoetxean, «¡Vaya full!» garratza plazaratuta. «Jasan izan ditugun oztopoak gaindituta, hau da inoiz egin dugun lanik bikainena» dio taldea eraberritu eta zuzenekoetan murgilduta dagoen Iñigitok.
Anartz BILBAO | BILBO
Oztopoak oztopo, isiluneak eta gitarra hotsa tartekatuz, laugarren lana du Txapelpunk taldeak «¡Vaya full!», Baga Biga diskoetxearekin plazaratu aurreneko lana. Eta Iñigito Txapel, punk egitasmo pertsonala Etsaiak taldeko gitarrarekin txandakatzen duen lekeitiarra, pozik da emaitzarekin: «Inoiz baino hobeto dago taldea».
Baga Biga diskoetxeko arduradunen esanetan, lan zuzen eta gordina da honakoa, «taldearen diskorik homogeneo eta punkena», bai musikari, bai hitzei dagokionez.
Iñigitorentzat, «jasandako oztopoek indartsuago egin gaituzte eta hau da gehien maite dudan lana». Lekeitiarrak bi urte eman ditu kantuak aldartearen arabera konposatzen, eta «inguruan bizi dudanaren isla da emaitza». Gainera, «ez dut kasik musikarik entzuten», aitortu digu, eta eraginik gabe, «iparrorratzik gabe itsasoratzen naiz txalupan», musikak bizi baitu.
Gaztelaniaz erosoago
Lan berriarekin batera taldea ere berritu du Iñigitok. Orain, Atrofi anaiak jotzen du baxua eta Unai lehengusuak gitarra. Baterian, berriz, lau urte geldirik egon ostean, Parasma taldean jardundako Toki jarri da, eta sekulako grina erakutsi.
«¡Vaya full!» diskoak hamalau kantu biltzen ditu, hamar gaztelaniaz eta lau euskaraz: «Horrela ateratzen zaizkidalako». Tartean, Txapelpunkek lehen diskoan grabatu kantu bat berreskuratu eta eguneratzen dute, «Euskal Herria», Skasak taldearen haizeekin eta Athletic taldeko Velez, Ustaritz eta Garmendiaren laguntzarekin. Gainera Ume Gaiztuak lekeitiar taldea omentzen dute, orain hamarkada bat sortua izan arren baliorik galdu ez duen «Palestina» kantuarekin.
Lana Lamiak estudioetan grabatu dute Jose Lastra eta Nacho Libertyrekin, eta Jonan Ordorikarekin nahastu.
«¡Vaya full!» lanak hamalau kantu biltzen ditu, lau euskaraz eta hamar gaztelaniaz. Tartean, lehen diskotik «Euskal Herria» berreskuratu eta eguneratzen dute eta Ume Gaiztuak taldearen «Palestina» eman.
Taldea zuzenekoak ematen ari da jada. Datorren ostiralean Anoetako gaztetxean joko dute Des-Kontrol taldearekin eta maiatzaren 22an Gasteizko Arabatakada jaialdi erraldoian, makina bat talderekin.