GARA > Idatzia > > Kultura

XX. mendeko antzerkigintza ezezaguna deskubritzeko aukera

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak XX. mendeko idazle handien antzerkigintza ezagutzeko aukera eskainiko duen bildumaren lehen alea aurkeztu zuen. Zendu berri den Iratzederri egindako omenaldian aurkeztu zuten idazlearen antzerkigintza argitaratu gabea.

p042_f01_149x101.jpg

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

«Armairu zahar batean atzeman genituen eskuz idatziak izan ziren eta XX. mendean Lapurdin jokatuak izan ziren antzezlanak», adierazi zuen Begiraleak elkarteko Joseba Aurkenerenak. Iratzederri eskaini alearekin hasi da antzerkigintza ezezagunaren liburuen bilduma.

XX. mendearen hasieran Lapurdiko kostaldean galtzen hasia zen euskal kultura sustatzeko Begiraleak elkartea sortu zen, kulturaren alor ezberdinak jorratzen zituena. Antzerkigintza izan zen horietariko bat eta taldeak taularatu zitzan garaiko idazle esanguratsuenetako batzuk hainbat lan idatzi zituzten.

Elkarteak duela gutxi aurkitu dituen lan zahar horiek autoreka antolatu ditu eta Hiria argitaletxearekin aterako ditu. Lan gehienak aurretik argitaratu gabeak dira eta orain emango dira ezagutzera. Pierre Lafitte, Piarres Larzabal, Dominika Soubelet eta Telesforo Monzonen lanak aurkeztuko dira, besteak beste, bilduman. 2008ko urrian zendu zen Iratzederri eskaini nahi izan diote lehen alea euskal kulturaren alde egin duen lana goresteko.

Autoreka agertzen joango diren lanak 2011n izango dute azken alea Telesforo Monzoni eskainitakoarekin. Idazlearen heriotzaren 30. urteurrena ospatzeko, Larraineko herriak pastorala eskainiko dio urte horretan, eta elkarteak data horrekin bat egiteko Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztuko du bildumako azken liburua.

Iratzederri omenaldia

Larunbatean Begiraleak elkarteak Iratzederri eskaini zion omenaldian aurkeztu zuten bilduma. Zortzi antzezlanez osatuta dago eta Joseba Aurkenerenak adierazi zuenez, «XX. mende hasierako gizartea eta errealitatea oso ondo erakusten duten lanak dira». «Etxe xokoan», «Moda zaharreko ezkontza», «Herri xehearen bizitza» eta «Itsasora» antzezlanak dira liburuan argitaratutako batzuk.

Xabier Soubelet idazle eta margolariak idatzi du hitzaurrea, eta aitzinsolasak Begiraleak elkartearen lana uzten du agerian. «Iratzederrek beti goretsi zuen euskara, bai ezagunak diren olerkien bitartez, baita antzerkiaren bitartez ere», azaldu zuen Soubeletek.

Iratzederrek lagun zituen Piarres Xarriton eta Mikel Epalzak euren testigantza eskaini zuten, eta Ixabel Etxebarriak eta Joseba Aurkenerenak idazlearen hainbat olerki irakurri zituzten. Azken honek olerki bat ere idatzi zion: «Euskara zaharrari buru-belarri/zerbitzari gartsu eta fidel izana».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo