Azken Portuko literatur egunak datorren astean ospatuko dira bigarren urtez
GARA | ZARAUTZ
Idazlea bere beste alderdi batzuekin harremanetan jartzea izango da aurten Zarauzko Azken Portuko literatur egunen xedea. Horretarako, hiru idazlek emango dituzten hitzaldiak antolatu dituzte.
Astelehenean, hilak 18, Anjel Lertxundiren txanda izango da. «Batez ere, irakurlea» izenburupean, bere barneko irakurlearekin harremanetan jarriko dute antolatzaileak. Jon Maia barnean duen bertsolari eta abeslariarekin hizketan jarriko dute asteartean «Abestetik idaztera: esperientzia bat» gaiaren inguruan. Azkenik, asteazkenean, Iñigo Aranbarri «Literaturak egunkaria irakurtzen duenean» ideiaren inguruan arituko da. Hitzaldi guztiak auzo elkartean egingo dira 20.00etan.