GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gizarte eredu berri bat egungo krisi egoerari aurre egiteko

Kontsumo gehiegikeria bultzatzen duen egungo gizarte ereduak eragindako krisi ekologikoa eta ezberdintasun sozialak izan ditu hizpide Herve Kempf kazetari eta adituak berriki Baionan. Bere esanetan, egungo egoerari aurre egiteko aterabide bakarra sistema kapitalista alde batera uztea da.

p020_f01_80785.jpg

 

Ainize BUTRON

Herve Kempf kazetari eta inguramen alorrean adituak egun, nazioartean, izendatzen den krisi ekonomikoa aipatzeko orduan «aldaketa handiko garaia» esapidea baliatu zuen. Berriki «Pour sauver la planète, sortez du capitalisme» liburua kaleratu du frantsesez eta gaztelaniaz. Kari horretara, Baionan, Manu Robles Arangiz Fundazioak antolatu hamabostaldian, Kempfek krisi ekonomikoa den honetan, bere hausnarketen berri eman zuen. Bi hitzetan, egungo egoerak, nahi ala ez, orain arteko gizarte «eredua aldatu beharra» ekarriko duela goraipatu zuen. 2007. urtean Kempfek «Comment les riches détruisent la planète» bere lehendabiziko liburua kaleratu zuen, 70. urteaz geroztik munduak bizi duen krisi ekologiko «larriaz» diharduena. Bigarren liburuan idazleak jarraipena ematen dio aurreneko horri; krisi ekologikoak zein konponbide izan dezakeen eta horri begira zein bide hartu azaltzen du bertan, besteak beste.

Kempfek egungo krisi ekologikoaren harat-honatak gogora ekarri zituen. «Krisi ekologiko historiko bat bizitzen ari gara. Krisi hori ez da berria. 70eko hamarkadaz geroztik etengabeko alertak ematen aritu dira. Baina ez dira kontuan hartuak izan». Kazetariaren arabera, alerta dei horiek ez dira kontuan hartu egungo botere politiko eta ekonomikoan aldaketa oro «oztopatzen duen oligarkia» bat dagoelako. «Bere pribilegioak ez galtzeko krisi ekologikoa ukatu dute, eta lehentasuna eman diote kontsumo materialari», argitu zuen. Horrenbestez, kapitalismoak urtetan izugarrizko bilakaera izan duela eta, krisi ekologikoa larriagotzeaz gain, ezberdintasun sozialak handituz joan direla adierazi zuen.

«80ko hamarkadatik 2002. urtera arte ezberdintasunak nabarmen areagotu dira. Max Weber ekonomistak gizarte eredu askotan gizakien arteko lehiak nagusi direla esan zuen. Gizarte maila apaleko jendarteak gainean duena hartzen du eredutzat. Gaur egun boterea duen oligarkiak finkatzen du eredua, eta, kontsumo gehiegikeriari ematen dio lehentasuna, krisi ekologikoa eta ezberdintasunak areagotuz», nabarmendu zuen. Eredu hori, komunikabideen bidez, mundu osoan zabaldu da. Horrela, Kempfen hitzetan, hondamendia dakarren jendarte horri aurre egiteko aterabide bakarra sistema kapitalista alde batera uztea da. Besteak beste, gutxieneko soldata duin eta onargarria finkatu beharra nabarmendu zuen.

«Bestelako kultur eredu bat sortu beharra dago kontsumoa eraldatzeko. Baina, klase ertainetan ezberdintasunak nabaritzen badituzte, ez dituzte beraien kontsumo erak aldatuko», gaineratu zuen. Hortaz, ezberdintasunak txikituta geratzen diren aberastasunak ekimen kolektiboetarako baliatu behar direla esan zuen: besteak beste, garraioa, hezkuntza, osasuna edo laborantza arloak sustatzeko.

Fase berri batean

Gaur egungo krisiaz mintzatzea, «aldaketa handi» batean barnatuak gaudela azaldu zuen: «Krisi egoera batean gaudelarik gizarte ereduari buruzko gogoetak pizten ari dira». Horrela, kazetariek 2007an bere lehenengo liburua kaleratu eta aurtengo bigarren liburuaren arteko denbora tartean aldaketak nabaritu al zituen galdetuta, Kempfek egun bere analisiek oihartzun handiagoa dutela esan zuen.

«Jendarteak argi ikusten du ez dagoela aterabiderik aurreko eredua baztertzen ez bada. Ezin da arrazoi ekologikoa baztertu egungo egoerari aterabide bat aurkitzeko. Pentsamendu menperatzailea hazkundearen ideologia lantzen ari da, baina, jendartean ere bilakaera azkarra nabari da», gaineratu zuen. Hego eta Ipar Ameriketan izandako botere aldaketak jarri zituen adibidetzat, azkenik, Kempfek bere ikuspuntua indartzeko fase berri bat etortzekoa zela esanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo