Mikel Aramendi Kazetaria
Suzko eraztunak inguratuta
Ezegonkortasun eraztun batek inguratuta geratu da India XXI. mendea hasi zenetik (eta Etxe Zuritik piromano koadrila batek bazter guztiak sutu zituenetik, oso bereziki)
Bakanak izango dira ingurumari hauetan iragan hilabetean egin diren Indiako hauteskunde orokorrez zer edo zer esaterakoan, Wikipedia erosotik jasotako kopuru zorabiagarriak errepikatuz «munduko demokrazia handienaren» topikoa aipatu ez dutenak. Are bakanagoak oraindik emaitzak epaitzerakoan Nehru-Gandhi leinua- ren jarraikortasun politiko arrakastatsua azpimarratu ez dutenak, Rahul, Priyanka eta Varunen laugarren belaunaldiaren txanda iritsi dela-eta. Beste topiko bat, egia esan. Tamil Tigreek Rajiv akabatu zuteneko 18. urteurrena betetzen denean, Sri Lankako gerra zibila (?) amaitu (??) izanari ere zukua atera nahiko dionik izango da... Merke saltzen dira topikoak; baina balio ere halatsu balio dute gauzak ulertzeko. Batez ere han. Hausnar-bide zoliagoak kausitu beharko genituzke.
Eta, adibidez, dena bat balitz bezala begiratu. Hindustan osoa, Indusetik Salweenera eta Hindu Kushetik Dondrara, jokaleku politiko bakarra balitz bezala behatu, alegia. Ez da oraintsuko ateraldia: historikoki halatsu izan da ia beti; eta geopolitikoki halaxe izaten jarraitzen duela iruditzen zait gero eta garbiago. Eta horretara, agidanean, errazago erantzun daiteke analisten, eta India nahiz munduko politikari zailduenetako askoren ahotan dabilen galdera hori: zergatik irabazi ote ditu hauteskundeak, duela hogei urtez geroztik lortzen ez zuen erosotasunarekin irabazi ere, Kongresu Alderdiak... agintean, ustelkeria kasu eta zalaparta politikoen artean, eman dituen bost urte hauetan prentsaurreko bakarra (kazetarien galderarik gabea, noski!) eskaini duen 76 urteko agure isil baten zuzendaritzapean? Ekonomia aipatzen dute gehienek, baina inguruari begiratzen diot nik gehiago. Ezegonkortasun eraztun batek inguratuta geratu baita India XXI. mendea hasi zenetik (eta Etxe Zuritik piromano koadrila batek bazter guztiak sutu zituenetik, oso bereziki).
Ezegonkortasun hori areagotzen ari da azkarki Asia hegoaldean, gainera, gerra harrabots bihurtzeraino, gehienetan: Afganistango suteak Pakistan ere hartu du, gogotik; Bangladesheko krisi politikoa noraino hel daitekeen batek daki; Myanmarreko diktadura hertsia ere pitzatzen hasi da, eta alternatibarik ez zaio ikusten... Eta «hobera» egin duten bi auzoak, Nepal eta Sri Lanka, ezin esan oso egonkor ageri direnik... eta are gutxiago Indiaren komenentziara aldatzen ari direnik. Gauzak horrela, ez nau batere harritzen indiarren gehiengoak nahiago izatea Kongresu Alderdiaren zentrismo trikimainatsua, eta Manmohan Singh isilaren herabetasuna (eta munduko handi guztiekin behintzat adiskidetzeko ahalegina, garai bateko aliantza irizpideak atzekoz aurrera ipinita bederen), edozein tigreren gainera igotzeko dauden BJPko buruzagiak baino. Eta zer esanik ez Varun Gandhi edota George Fernandes bezalako bazter-nahasleak ere ageri direnean. Nahiko su badago jada India inguruan, etxe barnean ere sasiak pizten aritzeko.
Korapiloa zerean datza: sasi iharrak egon, noski, badaudela Indiako bazter guztietan ugari, eta are sugarriagoak izango direla krisiak kiskaltzen dituenean. Suzko eraztunak, orduan, erdigunea ere har dezake, eta orain artekoa huskeria izango da.