GARA > Idatzia > > Kirolak

SURFA

Aritz Aranburuk Kelly Slater kanporatu du

p037_f03_88026.jpg

GARA | DONOSTIA

Aritz Aranburuk sekulako lorpena sinatu zuen atzo Tahitin egiten ari den Billabong Pro txapelketan. Surflari zarauztarrak Kelly Slater ahalguztiduna kanporatu zuen lehiaketako bigarren txandan, aurten lortu duen garaipen aipagarriena eskuratzeko. Hirugarren txandan, Damien Hobgood estatubatuarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Jarraitzaileentzat ikaragarri luze egin diren lau atseden egunen ostean iritsi da urteko berri pozgarriena. Lehen kanporaketan Dane Reynolds mendean hartu ostean, gauzak oso zail jarri ziren Aranbururentzat Slaterren aurka neurtu beharko zuela jakin zuenean. Iazko erakustaldiaren ondoren, bederatzi aldiz munduko txapeldun izan den kaliforniarra ez da bere mailarik onena ematen ari aurten, baina, hala ere, faborito argia zen hurrengo txandara pasatzeko.

Aranburuk, ordea, argi utzi zuen olatu handietan munduko onenen pare ibiltzeko gai dela. Aho zabalik utzi zuen publikoa 17.27ko puntuaketa bilduta, bere bi olatu onenak kontuan hartuta. Garrantzitsua izan zen horretarako 9.77 puntu eman zizkion eta kanporaketa bere alde jarri zuen tubo ikusgarri bat. Slater ere ez zen atzean gelditu, baina azkenean 15 punturekin amaitu zuen emozioz beteriko txanda.

«Kelly (Slater) munduko surflari onena da, lehiakorrena, eta horregatik nik nire olatuetan zentratu nahi nuen, aurkaria ahaztuta. Baina nire lehen puntuazioa horren ona zela ikusita presioa nabaritu dut, badakidalako Kelly zertarako gai izan daitekeen olatuak hartzeko lehentasuna daukanean. Zorionez, presioa gainditzeko gai izan naiz eta bigarren olatu on bat hartu dut», adierazi zuen Aranburuk txanda amaitu bezain laister.

Askoz ere tristeago zegoen Kelly Slater, galtzailea. «Aitzakia ona izango da gaur gertatutakoa opor luze batzuk hartzeko. Erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia da niretzat. Ez nago hemen zenbakiak egiteko bakarrik. Aukerak badaude oraindik, asko geratzen da eta oraindik ez dut erabat desagertu nahi, baina gauza asko ditut buruan bueltaka», esan zuen Slaterrek.

Bi estatubatuar kanpoan utzi ostean, hirugarren baten aurka neurtuko ditu indarrak Aritz Aranburuk, lehiaketa irabaztea zer den badakien Damien Hobgooden aurka, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo