GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

«Feisbukeatzen»

Barkadazue gaurkoan ez badiot heltzen gai serio bati. Badakit salatzekoa dela A gripeari ematen zaion garrantzia (74 hildako mundu osoan hilabetean) eta beste ezbehar batzuk isilpean geratzen direla (24 ordutan 3.000 hildako eta 25.000 zauritu Sri Lankako kaleetan, eta inork ez du premiazko bilerarik deitu).

Jakin badakit Iniciativa Internacionalista legez kanporatzea eta ondorengo apelazioa aipatzekoak direla, izan ere, argi ikusiko da ezker abertzaleek, hau da, «bortizkeria salatzen» ez duten bihozgabe horiek, lasai asko eman diezaieketela botoa Iniciativa-koei, nahiz eta hauek bortizkeria espresuki arbuiatu.

Bai, badakit horrek guztiak zutabe osoa merezi duela. Baina kontua da aste honetan Facebook-en sartu naizela lehenengoz (lehenengoz, sarean gehiago bizi arren kalean baino), eta lepo nabil. Adiskidetu, partekatu, agurtu, erantzun, bilatu, topatu... lagunak nonahi, noiznahi, nondik-nahi, eta norbera mundu hori guztia ezagutu gabe!

Denbora aurrera zihoanik ohartu ez (txiripaz ez dute publizitatea jarri espazio honetan, hutsunea betetzeko), eta arratsaldea joan da «aupa zu» hemendik eta «ene ama» handik eta «aspaldiko motel» bestetik; orduak pantaila aurrean. Pantaila izan ordez, ispilua balitz, ikusiko genuke nola aldatzen zaigun aldartea mezu bakoitzarekin, nola marrazten dugun irribarretxoa une batzuetan, nola eztitzen den begirada besteetan, edo okertzen dugun muturra albiste batzuk jakitean; ohartuko ginateke zein arin dabiltzan atzamarrak teklatuan, esateko antsiaz, eta nola laztantzen ditugun noizbait teklak, epeltasuna transmititu nahian. Hitzek komunikatzen dute, ez distantziak. Hitzek estutzen edo alaitzen dute bihotza. Birtuala baino gehiago da hitzen indarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo