GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Saharar herria, hogeita hamasei urteren ondoren

Munduko gatazka ugariren kausak aldi berean ondorio ere badira, kolonizazioaren ondorio, hain zuzen. Saharakoa horren adibide argi eta gordina da. Fronte Polisarioak duela 36 urte egin zuen lehenengo ekintza armatua bere lurraldea askatzeko bidean; Estatu espainiarrak 1976an lurralde hura abandonatu ostean, Mauritaniarekin eta Marokorekin borrokatu zen, estatu horiek ez baitzuten onartu, Hagako Auzitegiak eta NBEk zioten bezala, Mendebaldeko Saharako zati hura saharar herriarena zela; harik eta, 1991n, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak eta Marokok su-etena sinatu zuten arte, Saharan erreferenduma egiteko baldintzapean. Hemezortzi urte joan dira beraz, eta sahararrek NBEk berak proposatu zuen autodeterminazio erreferendumaren zain jarraitzen dute, beren herria goitik behera harresi batek zeharkatuta. Hartara, harresi hori, ia 2.000 metro luze dena, ez da orbaina, ezta hurrik eman ere, zauri zornetsua baizik. Marokoren erantzukizuna ez ezik, erraz nabaritzen da nazioarteko komunitateko hainbat herrialderena ere, hala nola Estatu espainiarrarena, Estatu frantsesarena eta AEBena. Izan ere, horiek, aldarrikatzen omen duten eskubideen errespetuaren gainetik, interes ekonomiko eta geoestrategikoak lehenesten dituzte, hartarako nazioarteko itunak urratu behar badituzte ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo