GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria

Ordenagailu bat ikasleko: Zergatik? Zertarako?

Gobernu espainiarrak iragarritakoaren arabera, bosgarren mailako ikasleek ordenagailu bana izango dute. Egileari ez zaio gaizki iruditzen teknologiak ikasgeletan txertatzea; hala ere, erabaki horrek eragin dion hausnarketa dakar artikulu honetara, erabaki horren helburuak eta onuradunak zeintzuk diren galdetuz.

Eesan dutenez, iraila edo urrian jarriko da martxan ikastetxe publiko eta kontzertatuetan. Horixe da hezkuntza eta teknologia uztartuz Estatu espainiarrean hartu duten azken erabakiaren egutegia. Aurtengo irailetik aurrera, beraz, bosgarren mailako haur guztiek (10-11 urte) ordenagailu eramangarri bat izango dute. Baina zein da erabaki honen azken helburua? Zeintzuk dira benetako onuradunak? Noren artean hitzartu da eta zertarako?

Gutxi gorabehera, Estatu espainiarrean, 420.000 ikasle izango dira ordenagailu hori jasoko dutenak. Era berean, ikastetxeetan arbel digitalak eta wi-fi konexioa ezarriko dira. Zalantzarik gabe, teknologiak ikasgeletan txertatzea aurrera begirako aldaketatzat ulertu beharra dago, ondo eta modu egokian erabiliz gero, tresna oso baliagarriak baitira, baita hezkuntza esparruan ere. Baina 10-11 urteko ikasle bakoitzak (etxera eraman dezakeen) ordenagailu eramangarri bat behar al du? Ordenagailua bera baino, berauekin modu arduratsuan lan egin eta ikasteko eta elkarlanerako gaitasuna da behar dutena. Baina ez dute honen inguruko zehaztasunik eman. Ordenagailua eman bai, baina zertarako? Nola erabiltzeko? Egun, teknologiek hezkuntzarako duten ahalmena modu egoki eraginkorrean erabiltzen ez denean, ordenagailu eramangarriak ikasleen artean banatzearekin teknologien izaera hezitzailea profitatuko dela uste al dute?

Are gehiago. Nork mantenduko ditu teknikoki? 10-11 urteko ikasle bakoitzaren ordenagailuen funtzionamendu egokia nork bermatuko du? Eta etxera eramateko aukera badute, noren esku gelditzen da ordenagailu horiek eman dezaketen edozein arazo konpontzeko ardura? Zentzu horretan ere, teknikarien beharren eta horien arduren inguruko zehaztapenik ez da eman. Eta, irakasleen aldetik, prestatuta al daude ikasle bakoitzak ordenagailu bat izateak ekar dezakeen aldaketarako? Prestatuta al daude erantzuteko? Formazioa ez al da beharrezkoa izango? Honen inguruko zehaztapenik ere ez dago. Ordenagailua eman bai, baina ikasgeletan ikasleekin egongo diren irakasleen eta ordenagailuak teknikoki mantendu beharko dituzten pertsonen inguruko konturik ez. Eman bai, baina nola bilakatu eraginkor? Eta nola mantendu? Egun, irakasle asko eta asko oraindik prestaturik ez daudenean, ikasle bakoitzari ordenagailu bat emateak egoera hobetuko duela uste al dute?

Bestalde, ordenagailuez ari garenez, bertan erabiliko den sistema eragilearen inguruko galderak mahaigaineratu dira. Honen inguruan bai, eman dute azalpenik. Azalpenak baino gehiago, baldintzak ezarri dituzte: sistemaren arranque edo abioak, duala izan behar du, bikoitza. Alegia, bi sistema eragile izan behar ditu: gutxienez, Microsoft Windows eta, nahi izanez gero, software librean oinarritutako banaketa bat. Beraz, praktikan software librea erabiltzea erabakitzen duten ikastetxeetako ordenagailuetan ere, Microsoft Windows instalatua izango dute. Eta, hortaz, ordenagailu guzti-guztietan sistema eragile horren lizentzia motak exijitzen duen ordainketa egin egingo da, gero ez erabili arren. Software librean oinarritutako banaketek ere lizentzia dute, noski, baina doakoa da (haren mantenua da ordaintzen dena). Aplikazio informatiko guztiek dute lizentzia, mota batekoa edo bestekoa, baina batzuk, Microsoft Windows-aren copyright-ak adibidez, ordainketa eskatzen dute, sistema eragilea instalatze hutsagatik. Instalazio bat, lizentzia bat. Beraz, ordenagailu bakoitzeko, Microsoft-ek diru-sarrerak izango ditu (zaku publikotik hartuz, noski). Kasu honetan salbuespen bat dago: ikastetxeen sarea martxan duten komunitate autonomoetan egun erabiltzen duten sistemarekin jarrai dezakete. Ordenagailuen banaketa da garrantzitsua edo guzti-guztietan Microsoft Windows instalatzea?

Eta, beraz, zein da erabaki honen azken helburua? Zein da, mundu mailako krisi egoera batean, gisa honetako inbertsio publikoa eskatzen duen erabaki honen benetako asmoa? Zeintzuk dira ase nahi dituzten beharrak? Ikasleengan pentsatzen ari al dira? Hezkuntza sistemaren hobekuntza etengabean? Garaian garaiko erronkei erantzun nahi dien erabakia da edo hitzarmen bat edo gehiagoren fruitua da? Helburua hezkuntza da eta bitartekoak teknologiak? Edo alderantziz: helburua ordenagailu horiek emanez, enpresa informatikoek, editorialek eta Internet-eko konexioa eskaintzen duten operadoreek negozioa egitea da, hezkuntza bitarteko izanda? Helburuak hezkuntzaren egokitzea eta hobekuntza izan beharko luke, horretarako garaian garaiko tresnak erabiliz. Kasu honetan ordea, erabakia kontrako norantzan hartu dela dirudi.

Estatu espainiarrean kaleratu berri den erabaki teknologiko honek argia ikusi aurretik, operadore, editore eta software (Microsoft) eta hardware (Toshiba) ekoizleekin bilera andana egin dira. Bost fronte eseri dira mahai berean. Eta bost fronte horiek dira, batez ere, onuradunak: Gobernua, hartu duen erabakia marketin kanpaina bilakatu duelako; operadoreak, ikastetxe guztietan wi-fi konexioa ezarri behar dutelako; editoreak, eduki digitalak sortu eta salduko dituztelako; hardware ekoizleak, ikasleak adina ordenagailu salduko dituztelako; eta, azkenik, Microsoft, ordenagailu bakoitzean Windows instalatuko delako (nahiz eta gero ez erabili). Bost fronte, Bost onuradun. Eta ikasleak? Ikasleek ez al lukete benetako onuradunak izan beharko? Edo bitarteko hutsa dira? Zalantzak izateko moduko planteamendua egin dute, ikaslea helburu izango lukeen dimentsio horretako erabaki teknologiko batek, aldaketa guztia aurrera eramateko beharrezkoak izango liratekeen pertsonen eta hauen formazioaren inguruko xehetasunak ere zehaztu beharko lituzkeelako, goitik beherako ekintza-plan bat, alegia.

Beraz, epe laburrean, bost onuradun. Epe ertainera, ordea, esan daiteke Microsoft izango dela onura gehien izango dituena, lizentzien diru-iturriaz gain, 10-11 urteko ikasleak bere produktuen erabiltzaile bilakatuko direlako. Zer hobe txikitatik Windows erabiltzera ohitzea baino, gerora, aurrera doazen heinean, aukeraketa bera egin dezaten. Are gehiago. Krisi globala, enpresa, erakunde eta instituzio asko tresna libre edota doakoak erabiltzera behartzen ari da, gastu gutxiago eragiten duten aplikazio informatikoak alternatiba erreala direla baieztatuz. Microsoft horren jabe da eta, horrexegatik, hain zuzen, bera da erabaki honetan interesatuenetariko bat, instituzioekin egun dituen loturak mantentzeaz harago, ikasleak adina bezero berri sortuko dituelako. Gobernu espainolari ordea, bere mendekotasun teknologikoa areagotzeaz gain, erabaki hau praktikara eramateak ekarriko dituen arazoak (ekonomikoak, teknikoak, formaziokoak...) gainditzea tokatuko zaio.

Erabaki teknologikoek, erabaki politikoak izan behar dute, noski, baina politika teknologikoak parametro ekonomikoak, sozialak, linguistikoak, kulturalak eta printzipio eta balioak izan behar ditu oinarri. Krisi globalaren erdian, hezkuntzan teknologiak txertatu eta berauen potentzialtasun hezitzaileaz baliatzea bada benetako helburua, gastu publiko gutxien eskatzen duten aukera teknologikoak erabili beharko lirateke. Software librean oinarritutako banaketak alternatiba erreala dira, baita hezkuntza sistemaz ari garenean ere. Teknologiak txertatu edo ez, helburua, hezkuntza sistemaren hobekuntza izan behar da; teknologia konkretu batzuk banatu eta erabiltzeko helburuarekin, hezkuntza sistema publikoa bitartekotzat hartzea, politika teknologiko desegoki baten sintoma larria baita, hezkuntza politikaren noraeza azaleratzen duelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo