GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora | Apustua

Otaegik ez dio aukera txikiena ere eman Aizpururi

Zizurkildarrak lehen enborretik hartu zuen aurrea, eta bigarrenerako minutu bateko tartea egina zuen.

p046_f02_8912.jpg

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Joseba Otaegik irabazi zuen atzo Azpeitian jokatu zen aizkora apustua. Zizurkildarra zen faborito eta zazpi minuturen aldearekin eraman zuen garaipena. Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu behar izan zituen, eta jokoan, bakoitzak 3.000 euro zituen.

Aurretik ikusmina handia zen, eta hori plazan bertan agerian geratu zen, 1.000 ikusletik gora bertaratu baitziren. Dirua hasieratik zegoen Otaegiren alde. Apustuak, 0rdea, ez zuen emoziorik izan, hasieratik hartu baitzuen aurrea garaileak. Lehen bi kana-erdiko erdibitu ostean, minutu bateko aldea zuen, eta hortik aurrera ez zen kolorerik izan.

Aizpuruk enbor handietan hobekiago edo gusturago aritzen zela adierazi zuen aurretik, baina oinbikoetan ere zizurkildarra izan zen aurretik. Lan erdietarako bi minututik gorako aldea lortua zuen, eta hortik amaierara zuloa handituz joan zen, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuen. Otaegik iaz Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela lortu zuen, beraz, jadanik Lehen Mailan dago, eta atzo oso itxura ona eman zuen. Erraz aritu zen aizkoran, eta apur bat estutu izan balute, denbora hobetuko zuen errezeloa geratu zen.

Jendeak bazuen Aizpuru ikusteko gogoa. Nuarbetarra behin bakarrik zegoen plazaratuta, eta desafio hau berak bota zuenez, bazuten denek nolakoa zen jakiteko gogoa. Atzokoan, ordea, bera baino dezente hobea izan zen Otaegi, eta ez zuen aukerarik izan. Lanean aritzeko ere ez zen beretzat erraza, lehen enborretik atzera geratu baitzen, baina ongi amaitu zituen.

Orain, atzokoa ahalik eta azkarren ahaztu eta aurrera begiratu beharra dauka. Oraindik gaztea da, hasi besterik ez da egin aizkora munduan, eta atzo barruan geratu zitzaion arantza ateratzeko izango du astirik.

Otaegik, lehenengo bi kana-erdiko moztu zituen, ondoren bi oinbiko, berriro bi kana-erdiko, bi oinbiko eta azkenik lau kana-erdiko. Denborak hauek izan ziren: 1.49, 3.53, 8.47, 14.09, 16.51, 19.37 (lan erdiak), 24.48, 30.50, 34.25, 37.24, 40.46 eta 43.50. Josu Aizpuruk, hasteko bi kana-erdiko moztu zituen, gero bi oinbiko, ondoren bi kana-erdiko, gero oinbikoa, jarraian bi kana-erdiko, berriro oinbikoa, eta azkenik bi kana-erdiko. Denborak honakoak izan ziren: 2.21, 4.49, 9.43, 15.31, 18.36, 21.43 (lan erdiak), 24.48, 30.50, 34.25, 37.24, 40.46 eta 43.50.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo