GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Kultura transgenikoa

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Nondik egin daiteke kulturaren transmisioa? Transmisioa bera eta guztiak hedabide al dira? Kultura egiteko, hedabideak derrigorrezkoak al dira? Dena al da kultura? Kultura txerria bezalakoa al da? Hots, dena al da aprobetxagarri? Hedabideetatik kultura askatzaile eta parte hartzailerik egin al daiteke? Hedabide berdin galbide?

Hedabide askatzaile gutxi egongo da askatasun gutxi baitago. Denok dugu, ordea, munduaren eta beronen egoerari buruzko erantzuna edo pentsamendua. Beraz, denok dugu kulturaren parte bat. Kultura denok egiten dugu. Zalantza handia dut. Euskal Herrian, metro karratuko, inon baino kultur eragile gehiago dugu. Interneten garaian, informazio uholdearen garaian, kulturaren urtegia gainezka dugun garaian, beste guztiaren gainetik, gauza bat gertatzen da: alferrikako ezagutzaren mailak gainezka egin du eta denok kutsatu gaitu. Alferrikako kulturaz gainditurik gaude eta honek miseria gorrian uzten du gure kontzientzia. Gehiegi dakigu, denok sobera dakigu, baina jakinduriara gerturatu ahala kontzientzian urri geratzen gara. Kontzientzia falta dugu. Jakinduria pilatu badaiteke, ez da gertatzen beste horrenbeste kontzientziarekin. Kulturaren pentsamenduaren kontzientzia eta pentsaera librea ezin dira pilatu. Egunero jardun behar da.

Hedabideek pentsamenduaren autobideetan nola joan markatu egiten digute, baina gehienetan nora goazen arrastorik ere ez dugu. Eskubideen garaian aldarrikatu beharrekoa beste zerbait da: gauzak egiteko gaitasuna. Unibertsitateak Internetek duen akatsa dauka. Ezagutzaren alferrikako pilaketa. Ez da irakasten egitea. Erabiliko badira, esperientziak komunikatzea ongi dago. Kontzientzia jardunean berritzen da egunero. Etsaia, beti, geu baino indartsuago ikusiko dugu. Kulturaren poltsa baliabidez beterik du. Etsaia geure hitzak hasiko da erabiltzen eta larritu egingo gaitu.

Galderek zertarako balio dute? Urliak erantzuteko baino norberaren kulturak erantzuteko. Ezin dugu itxaron norberaren jardunaren erantzuna baino urrutiago. Kultur eragileak bistan daude. Euskal kulturaren barruan lobby korporatibistaren mamua dago. Denok ditugu galderak. Denok gara hedabide. Denok dugu guztia esateko.

Botere nagusiak nahasmena ongi kudeatzen du eta nahasmena informazioaren eskubidearen mozorroarekin estaltzen du. Guztiari erantzuna ematen diogunean, agian etsaiak ez diren albokoak aspertzera irits gaitezke. Horregatik, kanturik eraginkorrenak laburrak izaten dira. Planak kulturarentzat. Kulturaren planak. Kantu hauek luze doaz eta aukerarik ez aurre egiteko. Jakin, bederen, noizbehinka zer transmititu behar dugun. Hobeto esanda: ea hainbat gauza transmititzeak merezi duen. Transmisio transgeniko ugari dabil kulturaren hazi transgenikoarekin ereinda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo