GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joseba Alvarez Topaseko espetxetik

Guk kartzelan bozkatuko dugu, eta zuk?

Tamalez ez dugu, oraingoz, hauteskundeetan elkarturik aurkezteko aukerarik izan. Asko da adosteko duguna eta ez zaigu borondaterik falta. Hori bai, bide hori indartzeko, igandean Ipar Euskal Herrian EHA eta Hego Euskal Herrian Iniziatiba Internazionalista bozkatzea ezinbestekoa da

Bestelako Europa Euskal Herri askearentzat. Horretan datza bestelako munduarekin amets eta borroka egiten dugunontzat erronka, kapitalismoak nonahi eragin duen krisialdi globalaren biktimak baikara guztiok, han eta hemen. Zapalduak izateak batzen gaitu geure nazio izaera ukaezinen gainetik. Elkartasun internazionalistak elkartzen ditu, bat egiten ditu, geure borrokak. Etsaia bera dugu, egun, hizkuntza eta ikur ezberdinekin azaltzen bazaigu ere.

Globalizazioak eraginda, estatuek historikoki izan duten betekizuna eraldatzen ari da. Garai batean beren herritarrak eta eskubide demokratiko zein politiko eta ekonomikoak babestea zen estatuen lana. Ekonomia nazionala, hizkuntza eta kultura, ongizatea eta demokrazia ziurtatzea, betiere agintean zegoenaren klase ikuspegitik. Baina kapitalismoaren interesek estatuen mugak gainditu dituztenetik, globalizatu denetik, estatuen funtzioa aldatu egin da. Geopolitikaren ildoari geoekonomia nagusitu zaio, kontraesan handiekin bada ere. Izan ere, transnazionalen interesak estatuen gainetik jartzea ez da gauza erraza izaten ari.

Horrexegatik, duela mende erdi bat baino gehiago, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen nazioarteko ordena, eta berau ziurtatzeko instituzio zein erakunde internazionalak -Europar Batasuna horietako bat da- krisialdi gorrian murgilduta daude. Jadanik ez dute balio bere garaian sortu ziren helburuak betetzeko, hamarkada hauetan kapitalismoa eta inperialismoa aldatu direlako. Eta, okerragoa dena, munduko agintariek krisialdia gainditzeko prestatu zituzten planek ere porrot egin dute, azken bi urteotan argi geratu den moduan. Ereduak ez ezik, ereduak sorturiko krisialdia gainditzeko errezetak ere porrot egin du. Europar Batasunak bizi duen egoera krisialdi global honen isla erregionala baino ez da.

Arazoa, beraz, sakona da oso. Neoliberalismoak porrot egin du maila guztietan, mundu osoa egungo egoera tamalgarrian murgilduz. Eta irtenbide miresgarririk ez dago. Tendentzia osoa aldatu behar da, Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan Venezuela, Bolivia, Ekuador eta Kuba, besteak beste, ALBAren bidez egiten ari diren moduan, beren kontraesan guztiekin.

Neoliberalak, betiko kapitalistak, beren ezintasuna estaltzeko, inolako etorkizunik ez duen kapitalismoaren birsortzeaz ari zaizkigu, ezkerrak alternatibarik ez duela azpimarratuz. Gezurra galanta. Gure alternatiba argia da, borroka han eta hemen, gizarte lubaki guztietan. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako prozesua horixe baita, borroka luze baten emaitza aurreratua.

Europan, mundu osoan bezalaxe, atzeraldi luzean murgilduta gaude. Hemen ere segurtasunaren doktrina inposatu digute, garai batez sektore herritarrek zein langile mugimenduak borrokaren bidez eskuraturiko lorpen politikoak zein ekonomikoak suntsitzeko. Ongizate estatua bera desmuntatzen ari dira. Azken legealdian izan dugun Europako Legebiltzarra bere historian izan den eskuindar eta kontserbadoreena izan da. Atera kontuak.

Azken urteotan, bai Bruselatik zein 27 estatuetako hiriburuetatik, krisialdiaz baliatuz, maila guztietako murrizketak bideratu dituzte, bidenabar, inork onartzen ez dituen proiektu txikitzaileak abiatuz. Errealitate honen aurrean, zorionez, erresistentzia eta alternatiba borrokak ugaritu dira, komunikabideek ezkutatu dituzten arren.

Eta borroka horien ondorioz Europarako proiektu neoliberala blokeaturik dago egun, bidegurutzean. Lisboako Ituna, ahulduta. Konstituzioa, galduta. Europar Batasuna, lilurarik gabe, erdi hila. Europar instituzioak, inolako legitimitaterik gabe. Krisialdi ekonomiko zein politikoa zabaltzen. Honen isla da hauteskunde europarren inguruan iragartzen den abstentzio izugarria. Nola sinistu Europar Batasuneko instituzio nagusiak hauteskundeetatik at geratzen direnean, hala nola, Europako Banku Zentrala, Europako Ministro Kontseilua edota komisarioek osatzen duten Europako Batzordea? Hori guztia da krisian dagoena, eredua bera. Eta horrexegatik da garrantzitsua, hain zuzen, Euskal Herri askearentzat bestelako Europa baten alde datorren ekainaren 7an boza ematea. Zer esanik ez, euskal eragile abertzale eta ezkertzaleen lotsarako, elkartasun internazionalistaz eta ausardia politikoz, Iniziatiba Internazionalistako kide zein erakundeek eskaini diguten aukera kontuan hartuta. Haiekin zorretan gaude, zalantzarik gabe. Kitatu dezagun haiekiko zorra, hauteskundeetan masiboki beraiei boza emanez.

Baina europar proiektua bezalaxe, Euskal Herria ere bidegurutzean dago. EAJk 30 urteotan garatu duen ildoaren emaitza politiko eta ekonomikoaren aurrean gaude: hiru hamarkada ondoren, gatazka konpondu gabe dago; Euskal Herriko instituzio nagusienetan frantsesak eta espainolak nagusi dira; jasaten ari garen krisialdi ekonomiko eta demokratikoari aurre egiteko bitartekorik ez dugu. Horrelakoxea da EAJren politikaren emaitza. Hori bai, bitartean, eta gaur arte, negozioak egin dituzte, baita enpresa handietan bere postuak ziurtatu ere, gure herriko sektore abertzale eta ezkertzaleak ondo jipoitu ondoren. Baina, beraien zoritxarrerako, Ajuria Enea galdu dute eta negozioak eskuz aldatzen hasiak dira. Ikasiko ote dute «Think Gaur Euskadi»ren sortzaileek zein den bidea? Beraiek ere bidegurutzean daude.

Ezker abertzaleak pasa du bere bidegurutzea. Erabakia hartua du. Indar abertzale eta ezkertzaleen indarrak metatzea gatazkari irtenbide politikoa emateko eta gure herriari askatasun politikoa zein soziala ziurtatzeko, bestelako Euskal Herria sortzeko. Aberri Eguna eta greba orokorra lehen urratsak izan dira. Tamalez ez dugu, oraingoz, hauteskundeetan elkarturik aurkezteko aukerarik izan. Asko da adosteko duguna eta ez zaigu borondaterik falta. Hori bai, bide hori indartzeko, igandean Ipar Euskal Herrian EHA eta Hego Euskal Herrian Iniziatiba Internazionalista bozkatzea ezinbestekoa da. Guk kartzelan egingo dugu, eta zuk?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo