X.L. Mendez Ferrin Poeta eta II-HEko zerrendakidea
Europari buruzko gogoetak
Iniziatiba Internazionalista zerrendan galegook bat egiteak zentzu osoa du. Horregatik, Frente Popular Galegoak zazpi zerrendakide galegoren kemen eta indar abertzale eta antikapitalista eskeintzen dio
Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, guda hotza hasi zen. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak eta herritar demokraziek Varsoviako akordioa izenpetu zuten, bai eta Comecon zelakoa ere. Albania eta Jugoslavia herrialde sozialistek erregimen sozialistak ezartzen zituzten baina independenteak. Hau Europa bat zen.
Era berean, Europa mendebaldeko estatuek, neutralista batzuk salbu, Ipar Amerikaren zaintza onartu zuten eta kapitalismopean indartu ziren. Ipar Amerikak faxismo espainiar eta portugaldarraren jarraipena bermatu zuen, berauek eskaintzen zuten antikomunismoaren truke. Mendebaldeko beste estatuekin AEBek NATO izeneko aliantza militarista eta antisobietar sendoa eraiki zuten. Ekonomikoki batua eta oinarri kapitalista izango zuen mendebaldeko Europa baten eraikuntza sustatu zuten AEBek, Ekialdeari aurre egingo ziona. Lehenik Ikatz eta Altzairuzko Komunitatea, gero merkatu bakarra eta azkenik Europar Batasuna eta moneta bakarra. Hau beste Europa bat da.
Merkatu bakarra ekarri zuten erakundeen osatzeak Frantzia, Benelux, Erresuma Batua eta beste herri batzuetako burgesia, burgesia aleman eta italiarrarekin anaitzea bilatu zuen, Bigarren Mundu Gerra arte elkarren aurka aritu zirenak. Anaitze horrek ondorioak izan zituen eta europar erakundeak Europar Batasunerantz abiatu ziren.
Europar Batasuna, beraz, estruktura guztiz kapitalista dugu, estatuak politika produktibo komunetara gidatzeko osatua. Haren jarduna ez da demokratikoa eta haren Parlamentuan ez dira egiazko legeak sortzen, eta are gutxiago gobernu demokratiko bat aukeratzen. Europar Batasunak zuzentarau lotesleak sortzen ditu, Europako Komisioan idatziak eta Europako Parlamentuan bozkatu gabeak.
Europar Batasuna erakunde indartsua dugu, inoiz, batzuen ustearen aurka, AEBetik libre eta independente izango ez dena. Jugoslaviako gatazkan indar erreakzionario eta militaristekin egin zuen bat, Palestina eta Ekialde Hurbilean egiten duen antzera.
Honen guztiaren ondorioa Europako Parlamentuko hauteskundeetan ez parte-hartzearen alde egotea al da? Ez. Aurkeztu beharra dugu eta Parlamentu horretan langileriaren eta espainiar zirkunskripzio elektoraleko beste herrien interesak babestuko dituzten diputatuak jarriko dituen zerrenda da babestu beharrekoa. Zeren egungo hauteskundeen hutsune demokratikoetako bat Galiziak parlamentario propioak aukeratu ezin izana da. Eta hau egun neurri kapitalistei aurre egin ahal izateko inoiz baino garrantzitsuagoa da. Independentziarako bidea irekiko duen autodeterminazio eskubidearen alde egingo duten diputatuak bidali behar ditugu Europara. Europak antikomunistak boterera eraman zituzten prozesuetatik sortutako independentziak soilik babestu baititu, Ekialdean, Europa mendebaldeko herrioi, gurea bezalakoei, eskubide hori ukatu egiten dien bitartean.
Hauteskundeetako zirkunskripzioa Espainia denez, Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna zerrendan galegook bat egiteak zentzu osoa du. Horregatik, Frente Popular Galegoak zazpi zerrendakide galegoren kemen eta indar abertzale eta antikapitalista eskeintzen dio II-HEri.