Hezbola talde xiita izan daiteke garaile igandeko Libanoko hauteskundeetan
GARA |
Libanok igandean ospatuko ditu hauteskunde legegileak. Emaitza estua izango dela aurreikus daitekeen arren, Hezbola talde xiita nagusitu daiteke Mendebaldeak sostengatzen duen egungo gehiengoaren aurrean.
Kanpainaren azken egunotan, «Libanon AEBen proiektua» bultzatzea egotzi dio Hezbolak Siriaren aurkakoa eta Mendebaldearen aldekoa den egungo gehiengoari. Mendebaldearen aldekoek, ordea, Libano «Iranen eraginaren pean» kokatuko lukeela egotzi diete Hezbolari.
Orotara 3,2 milioi libanoar inguruk dute igandeko hauteskundetan parte hartzeko eskubidea. Horietako asko atzerrian bizi dira eta bozkatu nahi badute Libanora joan beharko dute halabeharrez, legeak ez baitu onartzen atzerrian bozkatzea.
Hiritarrek 128 diputatu hautatu beharko dituzte 587 hautagaien artean. Legeak horrela aginduta, hautagaien erdiak kristauak dira eta beste erdiak musulmanak. Talde erlijioso bakoitzari diputatu kopuru jakin bat dagokio herrialdea banatzen den 26 barrutietako bakoitzean, betiere demografikoki duen indarraren arabera. Diputatuak aukeratzeko gehiengo sinplean oinarrituriko sistema bat erabiltzen da.
Egin diren aurreikuspen guztiak emaitza oso estua izango dela adierazten dute. Ezinezkoa izango da bai Hezbolak bai Mendebaldearen aldekoek garaipen argia lortzea. Ondorioz, parlamentuko nagusitasuna barruti jakin batzuetan erabakiko da. Batez ere, kristauak nagusi diren eskualdeak izango dira erabakigarriak; hautesleak bi aldeen artean banatuta baitaude horietan.
Lehen aldiz, Libanoko hauteskundeak egun bakar batean burutuko dira. Atzerritik heldutako 200 begiraleez gain, 50.000 soldadu eta poliziak zainduko dute hauteskunde eguna .
Lau urteko ezegonkortasunaren ondoren heldu dira hauteskunde hauek Libanora. 2005etik hona, denetik gertatu da: hilketa politikoak, Israelen eta Hezbolaren arteko gerra 2006an, errefuxiatu palestinarren eremu batean Armadaren eta islamisten artean 2007an izandako borroka, krisi politikoa, ehunka hildako eragin dituzten komunitateen arteko liskarrak...
2005ean Siriaren aurkakoak nagusitu ziren. Ondoren, Rafic Hariri lehen ministro ohiaren hilketa gertatu zen.