LABek berretsi du ez duela parte hartuko Patxi Lopezek proposatzen duen mahaian
GARA |
Iragarri bezala, LAB sindikatuko ordezkaritza batek, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru zuela, Patxi Lopez lehendakariarekin bildu zen atzo Lehendakaritzan. Etxaiderekin batera, Garbiñe Aranburu, Rafa Izquierdo eta Jabi Garnika izan ziren Gasteizko bileran, eta, Lakuako Gobernuaren aldetik, Gemma Zabaletak, Carlos Aguirrek, Bernabe Undak eta Iñaki Arriolak ere parte hartu zuten.
Bilerak emandakoaz, LABek heldu den egunetan hausnarketa egingo du, baina atzo bertan igorritako prentsa ohar batetan nabarmendu zuen ez duela parte hartuko Lopezek bultzatu nahi duen «elkarrizketa sozialerako» mahaian.
Sindikatu abertzaleak azaldu zuen atzoko bilerara maiatzaren 21ean «milaka eta milaka langileek babestutako aldarrikapenak» eraman zituela, «gobernuak bultzatu nahi duen elkarrizketa sozialak, aldarrikapen horietan aurrera egiteko balio duen aztertu nahian». LABen iritzirako, Lakuako Gobernuak «argi utzi du bere jarrera itxia dela, bai egoeraren irakurketa egiterakoan, bai eta egoerari aurre egiteko bere ekinbideari dagokionez». Ildo honetan, uste du Lopezek bultzatzen duen «dialogo sozialaren» helburua, gobernuaren ekimenei herri-babesa ematea baino ez dela. Honekin batera, LABek salatu du gobernuak, bere ekinbidea eta elkarrizketa sozialaren eraginkortasuna, «egungo marko konpetentzialaren muga estrukturaletara lotuko duela».
Parlamentu ez demokratikoa
Bileratik, sindikatu abertzaleak ondorioztatu du «langileok behar ditugun aldaketak mobilizatzeko eta borroka egiteko gaitasunak ekarriko dituela». Lopezek Gobernuarekin gai desberdinei buruz harremanak izateko LABek duen borondateaz galdetu zienean, ordezkari sindikalek baiezkoarekin erantzun zioten, baina gogora ekarri zioten berea «parlamentu ez demokratiko batetan eraikitako gehiengoan oinarritzen den gobernua izatea harreman normalizatuak izateko oztopo dela».