GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Oles, ala dolumin?

Pello ZABALA

Eguraldian aditua

Beldurra hartzen hasita nago. Ez diot beldur infernuari. Ez eta azken judizio egun sonatuari. Baina, a zer nolako hotzikarak nozitu behar dituen nire amalur maitagarriak! Eta harekin bat, neronek...!!

Lurrazalaren beroketa airosoegi doakigu. Diotenaz, 2 ºC berotze mailatik igotzea ekidin zitekeeneko trenak alde egin digu. Berotzea galgatzeko hurrengo saioa, 4 ºC-tan gelditzea nola lortu izan daiteke. Lanbide nekeza. Berotegi gasen kopurua gutxitzeko ahaleginak kale egin digu: naturak berezko duen portaeraren mende joango omen da munduaren martxa. Lortuko ote?

Aurten, martxoaren erdialdean, San Jose inguruan, honelako kontuok atera zituzten, nahikoa tristeki, Kopenhageko bileran. Beldur ziren eta estu, gas isurketak murriztu ez baino gehiagotze segido gorakakoan doazelako. Isurketok erabat suntsitu eta gas isurkinik batere gabe bizitzen hasiko bagina ere -inolaz ere posible ez den arren- lurrazalaren berotze martxa ez genukeela geldituko beste mendetxo batzutan jada.

Katebegiak bata besteari lotuta doaz: 3 ºC-tik gora, belaze eta baso, karbono ekoizpen ikaragarria gauzatuko da, eta beraz, berotegi efektua azkarturik, lurrazala gradutan gora agudo joango litzaiguke, janari eta uztak murriztuz, giro itogarripean denok utziz: bizi genero mordoxka bat suntsituko litzateke. Lurralde aberatsenok pixka bat luzexeago aguanta genezake: beste lurraldeek, joaneko mendeotan pobretu eta larrutu ditugun haiek...?

Lurrazaleko bizitza ito genezake hamarkada oso gutxiren buruan, berezko irtenbide koskatsuren bat ez badu erremedio. Izatekotan, honako koska izan genezake: Groenlandiako izotzok 14 km urtzen dira urteko, poloak beratzen doaz, itsaso maila zaintzeko aurrekontuak ateratzen dabiltza Herbehere eta Germania aldetik... baina nola itsasoari azal gazia gezatuko zaion, Itsasoko Korronte Nagusiak abiada galdu ahala, Europa glaziazio bidean geldituko ote zaigun, milaka urtetako ohitura ez galtzeko... Ea horrek eusten dion ludi zimurtuari, belaze eta basoak berriro, mende batzuk pasata, berreskuratzen lagunduz... Ikasiko al dute berriro kobazuloetan nola bizi...!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo