GARA > Idatzia > > Iritzia

Balenciaga kasuaren erantzuleak

Balenciaga Museoaren eraikuntzaren kudeaketan ustez izandako irregulartasunak direla-eta, inputatuak Azpeitiko Instrukzio Epaitegian deklaratzen hasi dira. Herenegun Rolando Paciel agertu zen epaitegian eta atzo Getariako alkate ohi Mariano Camio, inputatu nagusia. Ministerio Publikoaren arabera, Camiok kudeaketa «larriki kaltegarria» egin zuen, Julian Argilagos hirugarren inputatua aberasteko asmoz. Camiok kontzientzia lasai duela dio, baina diru publikoaren gestio kaltegarri hori egin duela frogatzen bada, bere erantzukizunari aurre egin behar dio, zalantzarik gabe. Hala ere, komenigarria da gogoratzea Gasteizko Legebiltzarrean kasua ikertzeko eratu zuten batzordearen txostenak Lakuako Gobernuaren kudeaketa kaskarra eta, beraz, erantzukizun politikoa ere agerian utzi zuela. Areago, Legebiltzarrak txosten hura onartu zuen osoko bilkuran, zenbait taldek Gasteizko Kultura sailburuaren dimisioa eskatu zuten. Halaber, batzorde haren txostenak Kultura Ministerio espainolaren zabarkeria ere nabarmendu zuen. Komeni da hori guztia gogoratzea, Balenciaga Museoaren inguruan izandako irregulartasunen erantzuleak herritarren dirua kontrol publikoari ezkutatu ziotenak zein kontrol publikoa arduraz bete ez zutenak baitira. Izan ere, azken horiek erantzule politikoak direla ahazteko arriskua dago. Bakoitzari berea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo