ESZENAK
Antzerkia kalerik kale
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
San Juanak ziztu bizian datozkigu eta urteko gau motzenarekin batera, uda epela. Baina kontu zahar eta astun guztiak sutara bota eta su gainetik jauzi egin aurretik, lan urtea itxi beharrean topatzen gara, orain arte egindako lan guztia ondo bukatu beharraren aurrean. Eta haurrak udako ordutegian sartuak diren azken txanpa honetan, oporrak noiz iritsiko atzerakako zenbaketa hasi dugun honetan, beste zerbait ere hasi da, kale antzerkia. Izan ere, udako egun epelek giro ezin hobea eskaintzen dute kalean lasai geratu eta antzerkiaz gozatu ahal izateko. Antzokietako mugimenduak bere horretan jarraitzen badu ere, udako egun hauek, kalea bilakatzen dute protagonista nagusia, gure hirietako zoko guztiak musika, kolore, barre eta txaloz beteaz. Eta hasi baino ez gara egin, itsasertzeko olatuak beste olatutxo bat baitakar bere magalean.
Izan ere, Leioako Umore Azoka itsasoan murgildu zaigu urtebetez. Eta hamar urte bete dituen urte honetan, berrogeita hamahiru ikuskizun eskaini dizkigu lau egunetan zehar. Giro bikaina izan da bertan eta antolatzaileak pozik agertu dira aurtengo parte-hartze handi izan dela eta. Eta amaierarekin batera, sariak ere banatu dituzte. Euskal Herriko ikuskizun onenaren saria La Pez taldeari eman diote errealitate gordinean oinarrituriko «El show de la Patera Rosa» lanagatik. Mundu mailako ikuskizun onenaren saria, berriz, Industrial Teatrera taldeari eman diote «Rojo» ikuskizunagatik; aktoreen teknika, eszenaratzea eta ikusleeekin sortutako harreman berezia aintzat hartu dituzte saria ematerakoan. Eta epaimahaikideek aipamen berezia egin nahi izan diote Javier Leoniren «Maletas de ida y vuelta» antzezlanari, non zirkua, dantza, musika eta interpretazioa Mario Benedettiren testuekin maisuki konbinatu dituzten.
Eta itsasertzeko olatuak beste olatutxoa magalean dakarren moduan, Leioak Gasteiz dakar oraingo honetan, izan ere, hilaren 12tik 14 bitartean, KaldeArte izango da Gasteizko plaza eta kale esanguratsuenetan. Bi egunetan zehar, Argentina, Txile, India eta Australiatik iritsitako lanak zein bertako ikuskizunak ikusteko aukera izango dugu.
Eta hau guztia nahikoa izango ez balitz, laster izango dugu Donostian aurtengo D´Feriaz gozatzeko aukera. Nahiz eta aurten, kale antzerkirik ez izan, kalitatezko lanak ikusteko aukera paregabea izango dugu hiriko antzoki freskoetan. Baina hori guztia, San Juan suaren ondorengo uda egunetan izango dugunez, pazientziaz zenbatu ditzagun azken lan egunak, urte osoko lana ondo itxi dezagun eta oporrak heldu bitartean, goza dezagun antzerkiaz kalerik kale...