GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAJk Igorreko Alkatetza epaitegietan berreskuratu nahi duela salatu dute

EAJk Guillermo Marañon preso ohiak pregoia bota behar zuela-eta sortutako iskanbilaren atzean, jeltzaleek 2007ko hauteskundeetan galdutako Alkatetza epaitegietan berreskuratu nahi dutela dagoela ohartarazi zuten atzo Igorreko alkate Galder Olibaresek eta ezker abertzaleak.

GARA |

Igorreko jaiak pregoirik gabe hasiko dira gaur arratsaldean. Izan ere, azken egunetan epaitegi eta komunikabideetan sortutako iskanbila ikusita, Jai Batzordeak Guillermo Marañon euskal preso politiko ohiak bota behar zuen pregoia bertan behera uztea erabaki du.

EAJko udal taldeak egindako salaketa batekin abiatu zen gerora epaitegietaraino iritsi den eztabaida. Jeltzaleek «joko zikin» horrekin 2007ko udal hauteskundeetan galdutako Alkatetza berreskuratu nahi izan dutela kritikatu zuen atzo ezker abertzaleak. Igorreko alkate Galder Olibaresek ere antzeko iritzia plazaratu zuen. «Gai hau erabili dute bide demokratikoetatik lortu ez zutena epaitegien bitartez berreskuratzeko», ohartarazi zuen.

Olibares EAE-ANVk lortutako lau zinegotzien eta Igorre Danontzat herri plataformak eskuratutako bien babesarekin heldu zen herriko Alkatetzara; horrela, EAJren bost zinegotziak gainditzea lortu zuten. Plataformatik ere gogor gaitzetsi dute jeltzaleen jarrera eta «etekin politikoa» lortzeko asmoarekin jokatzea leporatu diete.

Atzo azaldu zutenez, pregoia egiteko Marañonen hautagaitza ezagutarazi zenean, EAJko zinegotziek ez zuten inolako oztoporik jarri. Aldiz, jarraian, salaketa egiteko erabakia hartu zuten «beraien alderdiaren interesak jai giro egokia eta adiskidantza izatearen gainetik jarriz».

«Mozio etikoen jarraipena»

Olibaresek jeltzaleek hasitako polemikak Igorre moduko herri txiki batean sortutako «krispazioa» deitoratu zuen eta «giroa bero» dagoela esan zuen. Adierazi zuenez, «Igorre herri lasaia da, ez da apenas istilurik izaten eta elkarbizitza baketsua da herritarren artean». Hori dela eta, sortu den iskanbila guztia «gehiegizkoa» izan dela nabarmendu zuen.

Ezker abertzaleren ustez, berriz, iaz PSE eta PP alderdiekin batera jeltzaleek abiatutako «mozio etikoen jarraipena» da pregoilariaren inguruan sortutako eztabaida. Hiru alderdiek euskal preso politikoen kontrako dinamikarekin bat egin izana gaitzetsi zuen ezker abertzaleak eta «herriaren borondatea erabaki juridikoen bitartez aldarazi nahi izatea» egotzi zion EAJri.

Jeltzaleen erantzuna bestelakoa izan zen. Pozik agertu ziren Jai Batzordeak hartutako erabakiarekin eta «ezohiko egoera birbideratu izana» txalotu zuten. Lakuako Barne Saileko buru Rodolfo Ares haratago joan zen eta Igorreko Udalari Marañonen izendatzearen kontra «argi eta garbi» agertzeko eskatu zion, hartutakoa legearen kontrako erabakia dela nabarmenduz.

MOBILIZAZIOAK

Euskal preso politikoen alde elkarretaratzeak egin ziren atzo Iruñeko Alde Zaharra (27), Arrosadia (5o) eta Donibane (40) auzoetan, 15 lagun batu ziren asteazkenean Atarrabian eta 250 pertsonak salatu zituzten azken atxiloketak Gasteizen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo