Udalaren traba guztien gainetik, bueltan dira Arrosadiako jaiak
Yolanda Barcina alkate duen Iruñeko Udalak jarritako traba ugariek ez dute lortu Arrosadiako jaiak bertan behera geratzea. Gaur arratsaldeko zortzietan suziriak zeruan eztanda egiten duenetik, festa giroa jaun eta jabe izango da auzoan igandera arte. Arrosadiako jai batzordeak salatu du oraindik ez dakitela festak egiteko baimenak eman dizkieten edo ez.
GARA |
Urtero bezala, bueltan dira berriro ere Arrosadiako jaiak. Eta bueltan dira, Iruñeko Udalak jarritako traba eta zailtasun guztien gainetik. Auzoko jai batzordeak ohar baten bidez salatu duenez, aurten festen prestaketan arazo anitzei aurre egin behar izan diete bizilagunek. Gaur arratsaldeko zortzietan jaiei hasiera emango dien suziria botako dute Felixa Munarriz plazatik eta festa giroa nagusi izango da auzoko kaleetan hurrengo hiru egunetan zehar.
Ez dira berriak Yolanda Barcinaren Udalak auzoetako jaiei jartzen dizkien trabak. UPNk zuzentzen duen Udalaren erasoek ez dute etenik izan azken hamarkada honetan, baina aurten gehiago areagotu dira krisiaren aitzakia baliatuz. Adibidez, Udalak kudeatzen zituen taldeen emanaldiak murriztu egin ditu Barcinak, horrek auzo mailako herri mugimenduentzat dakartzan zailtasun eta arazo ekonomikoekin.
Baina Arrosadiako jaien kasuan, zailtasun horiez gain, baimenei eta festa guneari lotutako oztopoak ere jartzen aritu da Udala. «Jaiak hasteko egun bat falta denean, oraindik ez dakigu festetarako baimenak eman dizkiguten edo ez. Aste guztian zehar Udalarekin bilera bat adosten saiatu gara, baina badirudi oso lanpetuta dabiltzala eta ez dute gurekin bildu ere egin nahi», kexu ziren atzo jai batzordeko kideak.
Baina hori gutxi balitz, urtero festa gunea kokatzen den Ilargi Enea parkean ere arazoak izaten ari dira obrak direla eta. Izan ere, lau bideko errepidea egiten ari dira parkearen ondoan. Istripuak gertatzeko arriskua zegoela ikusita, gutxienez errepideko zati bat ixtea eskatu zuen jai batzordeak, baina Udalak ezezkoa eman zien, horrek trafiko arazoak sortu zituela argudiatuz.
Horren aurrean, jaien antolatzaileak ohartarazi dute errepidea ez mozteak «nagusi eta umeentzako» sekulako arriskua suposatzen duela, festa gunera iristeko errepidea gurutzatu behar baitute.
Afaria eta kontzertuak
Dena dela, jai batzordeko kideek ziurtatu dute «arazo guztien gainetik» jaiak ospatuko direla. Aurten, jai egitarau zabala antolatu da, adin guztietako bizilagunentzako ekitaldi eta jolasekin. Esan bezala, festa gaur arratsaldeko zortzietan lehertuko da Felixa Munarriz plazatik suziria bota ostean. Handik gutxira kalejira izango da Ilargi Enea plazaraino Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsaren eskutik.
Eta, ilundu ostean, hamarretan afari herrikoia izango da Blas de la Serna tabernan eta ondoren kontzertuak izango dira Governors eta Hesian taldeen eskutik. Gaua amaitzeko, euskal musika izango da DJ Bullekin.
Bihar, eguna goizeko bederatzietan hasiko da dianarekin batera. 10:30etan, hamaiketakoa zerbitzatuko dute jai gunean. Ordu bat beranduago, berriz, kaldereteak prestatzen hasiko dira, eta 15:00etan prestatutakoa dastatzeko garaia izanen da. Arratsaldean gazte kalejira egongo da 18:00etan eta amaitzean txistorra banatuko dute.
Gauean, zezensuzkoaren ostean, koadrilen afaria izanen da jai gunean, eta ondoren, rock kontzertuak izango dira.
Aurtengo jaietako egitarauan nobedade aunitz izango dira. Igande goizean nazioarteko hamaiketako bat izango da; bertan, auzoan bizi diren hainbat herrialdetako bizilagunek beraien jaioterrietako jaki tipikoak egingo dituzte.