GARA > Idatzia > > Kultura

Ipar Amerika iluna, Brujeria eta Social Distortionen ahotsetan

Mexikar muturreko metala eta Kaliforniako hardcore grinatsua izango dugu entzungai Bizkaian, gelditu eta atseden hartzeko betarik uzten ez duen musika eskaintza oparo eta garestiaren barruan.
p047_f01_148x80.jpg

A. BILBAO | BILBO

Nazioarteko talde indartsuen etengabeko bisita bizi dugu aspaldi honetan, eta beste horrenbeste jasoko da aste honetan ere. Gaur, esaterako, mexikar Brujeria muturreko taldeak joko du Bilboko Santana 27an, eta bihar Social Distortion hardcore taldeak Barakaldoko Rockstar Live aretotzarrean.

Jai batean sortu omen zuten muturreko Brujeria talde mexikarra, 1989an. Latinoamerikar metal taldeen aurkako jazarpena zela eta grindcore eta metal death taldea egitea erabaki zuten taldeek, besteek ez bezala gazteleraz abestuz -gehienek ingelesa erabiltzen zuten- eta hitz garratzak erabiliz.

Kontu asko idatzi izan dira beti aurpegiak estalita agertzen diren taldekideen izateari buruz, eta izen abizenak baino nahiago dugu taldea Asesino eta Directoar Diabolico gitarra joleek, Fantasma bateriak, Güero Sin Fe baxu joleak eta Juan Brujo kanta- riak osatzen dutela esatea.

Drogen salmenta, sexu eta deabruari gurtzea ahotan hartzen dituen talde erasokor eta zirikatzaileak ika-mika bat baino gehiago ere sortu du, eta egun mito bilakatuta dago. «Demoniaco» dute debut singlea eta «Machetazos» da beren lan ezagunena. Besteak beste, Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezagunaren omenezko lana plazaratu zuten 1994an, «El Patron» deitua. Iaz Kobetasonik jaialdian parte hartu zuten eta orain bueltan dira, partaideen artean Pititis neska ahotsa dutela.

Hardcore eztanda

Kaliforniar Social Distortion taldea ere ez da atzo goizekoa. 1978an sortua eta Mike Nessen tatuatua gidari dutela, hardcore eztandaren partaide izan ziren eta sekulako arrakasta lortu zuten 80ko hamarkadan, hirugarren lan homonimoan kaleratutako «Story of My Life» edo «Ring of Fire» Johnny Cashen bertsioarekin. Oholtza gainean 30 urte betetzear, aurten lan berria aterako dute aurki.

Fitxa

Brujeria: + Xkrude + Anal Hard + No Humano. Gaur 21.00etan Santana 27 aretoan (Bilbo). 20/24 euro.

Social Distortion: + Durango Riot + Sex Museum. Biha, 20.00etan Rockstar Live aretoan (Barakaldo). 28/35 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo