GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Olatz Agirre eta Aitor Fernandez Santutxuko ezker abertzalearen izenean

Azkuna eta Madrazo: noizko emakumeon eskubideak?

Larunbat goizaldean, 4 gizonezkok 25 urteko neska bati eraso zioten eta bortxatu egin zuten Santutxu eta Bolueta auzoen artean dagoen kale batean. Azken hilabeteetan, mota honetako erasoak areagotzen ari dira auzo hauetan. Gertatutakoa gogor salatzeaz gain, honako hau adierazi nahi genuke:

1. Emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu gure hiri eta auzoetan. Gertaera hau ez baita gertakari bakan bat, egun inposaturiko sistema patriarkalaren ondorio luze bat baizik. Hau horrela, jendartean instituzioek berdintasun faltsuaren mezua zabaltzen duten bitartean, emakumeok etengabe ikusten ditugu urratuta gure eskubideak; esate baterako, gure auzoko kaleetan libre eta arriskurik gabe ibiltzea. Gainera, arrisku hau handitu egiten da emakume gazteengan; izan ere, kolektibo hau da kalean eraso gehien jasaten dituena.

2. Bilboko Udalak azken urte hauetan entzungor egin die emakumeon eta auzokideon kezkei. Izan ere, kale horretako bizilagunak aspaldi zeuden kezkatuta kalearen egoerarekin eta horren ondorioz egon zitezkeen arriskuekin. Eta hori gutxi balitz bezala, bertako emakume gazteen taldeak urteak daramatza Santutxun emakumeontzat arriskutsuak izan daitezkeen guneak daudela salatzen, eta hainbat ekimen egin dira horren inguruan.

3. Ez dugu gure auzoetan emakumeon kontrako erasorik onartuko eta gertatzen direnak gogor salatuko ditugu.

4. Azkenik, jendarte osoari dei egiten diogu atzokoa bezalako manifestazioetan parte hartzera eta edozein esparrutan gertatutako edozein eraso sexista salatzera.

Bestetik, gure babes osoa eskaini nahi diogu erasoa jasan zuen emakumeari. Eta jakin dezatela emakumeon eskubideen alde borrokan jarraituko dugula guztion eskubideak errespetatuko dituen eta parekidetasunean oinarritutako hiri eredu batean eraikitako Santutxu bat lortu arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo