GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHT geldiaraztearen aferan, Fillonen erantzunaren zain

Lapurdiko AHTren egitasmoaren ikerketen gelditzeari buruz Barne ministroak esandakoak hautetsien adierazpenak eta ekimenak sustatzen jarraitzen du. SNCF Frantziako trenbide sareak ikerketak egiten jarraituko duela jakinarazi du, kontrako agindua jaso arte. Akitaniako presidenteak beste gutun ireki bat igorri du, oraingoan François Fillon Lehen ministroari.

p024_f02_149x109.jpg

Idoia ERASO |

Estatu frantseseko Barne ministro Michele Alliot-Mariek Frantziako Trenbide Sareak Lapurdiko AHT trenbide berriaren egitasmoari buruzko ikerketak geldiarazi zituela jakin zenetik aste eta erdi pasa denean, hautetsien erreakzioak eta ekintzak ugariak dira oraindik ere. Alain Rousset, Akitaniako Kontseiluko presidentea, joan den astean Nicolas Sarkozyri gutun irekia igorri eta gero, François Fillon Lehen ministroari zuzendu zaio.

Alain Lamassoure UMPeko eurodiputatuak azaldu du Lehen ministroak eta gaiarekin zerikusia duten ministroek beren iritzia eman behar dutela aferaren inguruan.

Roussetez gain, Akitaniako Nekazaritza Ganbera, Lanbideen Ganbera eta Merkataritza eta Industria Ganberetako presidenteek sinatu dute gutuna. Ikerketen gelditzea Parisko Gobernuak agindutakoaren ondorio izan den galdetzen diote bertan Lehen ministroari. Erabaki horrek Europako erakundeek egitasmo horretarako emandako finantzaketaren %15 zalantzan jartzen duela nabarmendu dute. Egoera berri honek Bordeletik Hendaiarako egitasmoaren atzeratzea ekar dezakeela ere salatu dute presidenteek.

Gutuna idatzi duten hautetsiek trenbide berria Akitaniarentzat zein Estatu frantsesarentzat eta Europarentzat beharrezkoa dela berretsi dute.

Trenbidearen kontrako CADE elkarteko bozeramaile Victor Pachonek argiki adierazi du deliberoa oraindik behin-behinekoa dela: «Orain Fillonen erantzunaren zain gara». Oposizioa oso azkarra dela ere nabarmendu du kolektiboak. Oposizio horrek sortuko duen eztabaida beraien ahotsa entzunarazteko baliatuko dutela ere gaineratu dute elkarteko eledunek.

Eztabaida publiko horren aurrean kolektiboak lanean jarraituko duela ere adierazi dute. Hurrengo hilabeteetan azterketa independente baten emaitzak jasoko dituztela jakinarazi du Pachonek eta horrek eztabaidarako datu berriak eskainiko dituela.

Ikerketak aurrera

Frantziako Trenbide Saretik jakinarazi dute «agindu berririk iristen ez den bitartean Bordele eta Hendaia arteko trenbide berriari buruzko ikerketek aurrera jarraituko dutela». Ikerketen gelditzea jakin zenetik astebetera Michele Alliot-Mariek informazio hori baieztatu zuen, eta erabakiari oraindik ez zaiola bidea eman esan zuen. FTSrekin eta Estatuko Garraio idazkariarekin egitasmoa gelditzeko izan zuen bilkura «adostasunerako» besterik ez zela izan ere gaineratu zuen Barne ministroak.

Egoera horren inguruan CADEko bozeramaileak nabarmendu du «afera ez dela amaitu inondik inora». AHTren aferari konponbide bat bilatzeko ingurumenaren aldeko lanak eta ikerketak beharrezkoak direla ere adierazi du, eta hori dela-eta lanean jarraituko dutela.

Erreferendumak AHTren kontra nabarmen

Hauteskunde europarrak baliatuta Lapurdiko hiru herritan AHTren trenbide berriari buruzko erreferenduma egin zuten igandean. Ezezkoaren aldeko bozek irabazi zuten argiki. Lehuntzen ezezkoak %82,2 bildu zuen, Hiriburun %92,6 eta Milafrangan %93,9. Joan den urtean Uztaritzen eta Mugerren egin ziren erreferendumetan ere gehiengoa trenbide berriaren kontra agertu zen, %90 ingurukoa izan zen ezezkoa.

CADE erreferendumaren emaitzekin oso pozik agertu da. Bestalde, parte hartzearen inguruan ere jarri du arreta. Izan ere, Milafrangan parte hartzea hauteskunde ofizialetakoaren antzekoa izan da. Emaitzak eskuetan, CADEk AHTren alde ari diren hautetsiei dei egin nahi izan die, gizarteak egitasmoari ezezkoa eman diola nabarmenduta.

Datorren larunbaterako, ekainak 13, CADEk garraioari buruzko eztabaida publiko bat antolatu du Uztaritzen. Elkartetik trenbide bidezko garraioaren aldekoak direla nabarmendu nahi izan dute, alde anitzetatik heldutako erasoei aurre eginez. Eztabaidetan sindikatuetako ordezkariak egongo dira, baita errepideetako garraiolarien ordezkari bat ere. Arratsaldean egitasmoa geldiaraztea lortu izana ospatzeko besta egingo du kolektiboak. I. E.

LEHEN MINISTROA

«Orain Fillonek zer esango duen zain gara», adierazi du CADEk. Alain Lamassoure eurodiputatuak Lehen ministroak eta aferarekin zerikusia duten ministroek beren iritzia eman behar dutela azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo