GARA > Idatzia > > Mundua

Mundu mailako gastu militarrak berriro hazi ziren 2008. urtean

«Terrorismoaren aurkako borroka» delakoaren hedatzea eta Txinak eta Errusiak potentzia handi bilakatu nahia dira 2008an mundu mailan gastu militarra hazi izanaren arrazoiak, Stockholmeko Bakearen Aldeko Nazioarteko Institutuaren (Sipri) txostenaren arabera.

GARA |

Mundu mailako gastu militarrek marka berri bat gainditu zuten 2008an, Irak jomuga izan duen «terrorismoaren aurkako borroka» delakoa medio eta Txina eta Errusiak potentzia handi bihurtzeko lehian izan duten hazkundea dela eta.

Iazko gastu militarra 1,46 bilioi dolarrekoa [1,05 bilioi eurokoak] izan da. Azken hamar urteotan %45 hazi da. Kopuru hori mundu osoko aberastasunaren %2,4 da. Stockholmeko Bakearen Aldeko Nazioarteko Ikerketa Institutuak (Sipri) emandako datuen arabera, munduko biztanle bakoitzeko 217 dolar [155 euro] gastatu ziren.

2007ko datuekin alderatuta, %4ko hazkundea izan zuen.

«`Terrorismoaren aurkako borroka' ideiaren hedatzea dela-eta herrialde ugarik euren arazoen konponbidea oso ikuspegi militarizatu batean kokatzea ekarri du», azaldu zuen SIPRIko ikerketa-arduradun Sam Perlo-Freemanek txostenaren aurkezpenean.

«Horrez gain, Irakeko eta Afganistango gerrek 903.000 milioi dolarreko [646.695 milioi euro] aparteko gastua eragin diete soilik AEBei», gaineratu zuen Perlo-Freemanek.

Ildo horretatik, AEBei, SIPRIren sailkapenaren arabera, 2008an mundu osoan izan ziren gastu guztien %41 dagokie. Hots, sailkapenean atzetik dituen hamalau herrialdeen gastuak batuta gastatu zutena baino gehiago. Diru xahutze izugarri horretan George Bush aurreko presidenteak egindako politikak eragin zuzena izan du.

1999tik AEBen Defentsa arloko gastuak %67 hazi dira. Iaz 607.000 milioi dolar [434.700 milioi euro] izan ziren.

Txinak, Errusiarekin batera, hirukoiztu egin du aurrekontu militarra azken hamar urteotan. Hazkunde hori dela medio, lehen aldiz, SIPRIren sailkapeneko bigarren postua lortu du Txinak, mundu mailako gastu osoaren %6rekin. Atzetik, Estatu frantsesa (%4,5) eta Britainia Handia (%4,5) daude.

«Txinaren hazkundea jarduera ekonomikoan izan duen gorakadarekin bat dator eta potentzia handia bilakatzeko duen asmoarekin lotura zuzena du», nabarmentzen du SIPRIk.

Errusia eta Hego Amerika, gora

Errusia, Txina bezala, berriro potentzia handi izateko lehian ari da eta izan duen hazkunde ekonomikoak lagunduta, sailkapenean bosgarren posturaino igo da, Gerra Hotzaren ostean nabarmen jaitsi ondoren.

Gastu militarrak ere nabarmen hazi dira Hego Amerikan; %50 azken hamarkadan. Brasil eta Kolonbia izan dira gehien gastatu duten herrialdeak, Sipriren txostenaren arabera.

paris eta madril

Gastu militar handiena duten herrialdeetan hirugarrena da Estatu frantsesa (47.000 milioi euro). Estatu espainola, berriz, hamalaugarren postuan dago, iaz 13.750 milioi euroko gastua izan ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo