GARA > Idatzia > > Ekonomia

Pastgureni 2,5 milioi euroko abala emateko proiektua onartu dute Batzar Nagusiek

Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ, EA eta EBren babesarekin, Aldundiak Pastguren enpresari 2,5 milioiko abala emateko arauzko proiektua onartu zuten atzo. ANVk eta PSEk neurria arbitrarioa dela salatu zuten.
p033_f01_148x92.jpg

GARA |

Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterriko Pastguren paper fabrikari Bizkaiko Aldundiak maileguz 2,5 milioi euroko abala emateko arauzko proiektua onartu zuten atzo, EAJ, EA eta EBren bi ordezkarien aldeko bozekin. Aralar, ANV eta PSE taldeak abstenitu egin ziren eta PPk eta EBko hirugarren ordezkariak ez zuten bozketan parte hartu.

Izaskun Artetxe Ekonomiaren Berrikuntza eta Sustapenerako diputatuak hartutako neurria defendatu zuen egungo «finantza krisi testuinguruan» kredituak jasotzeko mugapenek Bizkaiko enpresa guztiei baina bereziki finantza taldeek eskatzen dituzten baldintza zorrotzak bete ezin dituztenei eragiten dietela argudiatuta.

Artetxek azaldu zuenez, enpresaren jarraipena bermatzeko onartu dute Aldundiak abala maileguz ematea, «aparteko neurri» gisa eta laguntza jasotzeko beste biderik ez delako mahai gaineratu.

«Proiektu integrala»

Gainerako alderdi politikoek, ordea, kritika ugari egin zizkioten hartutako neurriari. ANVko ordezkari Begońa Agirrek abalaren baldintzak «kasik baliogabeak» direla adierazi zuen, oso arriskutsua dela eta enpresari ez diotela ia baldintzarik jarri. Zentzu honetan, Agirrek azaldu zuen neurri hau ez dela enpresaren itxiera ez gertatzeko «bermea». «Laguntza arbitrarioa da», esan zuen eta langileek ez dutela abal bat behar, «paper-proiektu integral bat» baizik.

EAko Joseba Gezuragak adierazi zuen bere taldeak neurriaren alde bozkatu zuela enpresaren etorkizuna «arriskuan» dagoelako. Hala eta guztiz ere, Gezuragaren arabera, abala emateaz gain, Aldundiak hainbat «berme» eskatu beharko lizkioke enpresari, «10 urte daramatzagulako enpresa honen deslokalizazio arriskuarekin», esan zuen.

PSEko ordezkari Josu Montalbanen hitzetan, gaur egun lantegi honek ez du enpresa proiektu «seriorik», ezta aktiborik «epe motz, ertain eta luzean», eta «kaudimengabe» azaldu diren bezeroen menpe dago. Aldundiak «ezin du Pastgureni ematen ari den bezala dirua ematen jarraitu trukean kontrapartidarik gabe», kritikatu zuen.

Aralar taldeko Iuso Mungiak diputatu nagusiak gisa honetako laguntzak PSErekin eta Lakuako Gobernu berriarekin dituen norgehiagoketarako erabili nahi dituela salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo