GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA

Egur Sportek desafioa prestatu nahi du

p044_f02_48702.jpg

J.L. | DONOSTIA

Egur Sport enpresak lehiaketa edo desafio gisako bat antolatu nahi du. Horretarako baldintzak ere jarri ditu, eta aldeetako batekin ere adostu du. Orain beste aldea topatzea falta zaio.

Alde batetik, Izetatarrak joango lirateke. Bi anaiak eta lehenengoaren semea, Izeta II.a, Izeta III.a eta Izeta IV.a, alegia. Lana, berriz, 100 kiloko kubikoarekin egin beharko lukete, eta ordu erdian jarraian, etenik gabe.

Orain, ordea, aurkariak bilatu beharko dituzte, eta ez dirudi lan samurra izango denik. Denak Aimar Irigoieni begira jarri zaizkio, baina berak ere tamainako beste bi lagun topatzea ez du lan erraza izango.

Saria ere jarria dago, eta garaipena lortzen duenak, 6.000 euro jasoko ditu. Gainerako guztia Egur Sport enpresaren ardura izango litzateke.

Desafioaren nondik norakoak, Luixmari Bengoak, enpresako arduradunak, azaldu zizkion GARAri: «Saltsa pixka bat jarri nahi dugu. Harri-jasotzea bolada onean dago, baina gehiago bultzatu nahi dugu. Honelako zerbaitekin giro ona jarriko genuela bururatu zitzaigun, eta horretan saiatu gara», esan zuen.

Orain, desafio honi erantzun nahi dionak, Egur Sporteko arduradunengana jo beharko du. Lana, aurkariak, eta saria jarrita daude, orain horri erantzutea da falta dena. Bengoaren esanetan, izango da hau guztia jokatzeko modua, horren itxaropena zuen, behintzat, atzo arratsaldean.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligan, hirugarren jardunaldia jokatu zen herenegun, eta berriro ere aurrekoetan garaile izandakoa atera da berriz ere irabazle: Txorierri.

Irabazleek, gainera, sekulako marka egin zuten; guztira 20 zulo eta 9 zentimetro egin baitzituzten. Marka handia beraz, eta garaipen handi honek, gainera, sailkapeneko lehen postuan jarraitzeko balio die. Txapela janzteko faborito nagusiak direla ere argi eta garbi utzi dute, orain arteko guztia irabazi baitute.

Atzetik Gallarta sailkatu zen hiru zulo pasara, eta lau pasako aldea kendu zion Burdin Gazteak taldeak, Ortuellako taldeari. Atzetik, Kabiezes, Trapagaran, Errekatxo eta KZ Kolpeka taldeak sailkatu ziren. Azken hauek, berriro ere txalo zaparrada jaso zuten. Horixe da hain zuzen, lehian ari den emakume talde bakarra. Azken postuetan dabiltza, baina lan bikaina ari dira egiten, eta aurtengoari begira gainera, parte hartzea zuten helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo