GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Aurpegia behar du gero!

Imajinatu -esfortzua egin- goiz batean esnatu eta lanera joateko autoa hartzera zoazela, bizilaguna topatzen duzula patxada ederrean zure kotxean eserita, irribarretsu bolantea esku artean hartuta. Lasai, patxada osoan bera; begiak igurtziaz gu, sinistu ezinda.

Imajinatu aldamenera joan eta zertan dabilen galdetuta, larritu ere egin gabe, erantzuten digula: «Zertan ari naizen, zergatik?», autoaren eserlekutik mugitu ere egin gabe. Gu gero eta beroago, haserreago, ernegatuago. Lanera joan behar dugula eta mesedez -oraindik ere kortesiazko hitzekin- kotxetik azkar ateratzeko eskatuz berriz ere. Halako batean, zer esango berak eta lasaitzeko, eramango gaituela lanera eta «moduzko prezioan gainera!», mesede egiten ari balitzaigu bezala. Zaila, zailegia da egoera honetan gure burua jartzea, bai behintzat irribarretxoa eragiten diguten ametsetatik kanpo.

Imajinazioa -nolabait esatearren- ondo landua duten erakunde eta agintariak badira tartean, ordea. Joan den astean irakurri nuen Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak dirulaguntzak banatu dituela eta sarituen artean nor eta Iruñeko Artzapezpikutza. 48.000 euro jasoko ditu elizak herritarrentzat zabaltzearen trukean. Jakina da -bati gustatu ala ez- elizak ondare kultural eta arkitektonikoaren gordeleku direla eta bide horretan interes-gune. Baina marka da, herritarrei eta udalei isilpeka lapurtu dizkieten eliz ondasunak kontuan hartuta, zer eta elizak erakusgai bilakatzeko herritarrek berriz ere ordaindu behar izatea. Ez da burutazio hau izan duten lehen aldia; Tafallan 300 euro eskatu zizkioten Udalari, euren izenean jarri zuten elizan kontzertu bat egiteagatik. Eta ez dezala inork pentsa «beharraren beharrak» bultzatzen dituela, errenta aitorpena egiteko garaian eske eta eske aritzen badira ere, herritarrek oraindik ere makina bat diru ematen jarraitzen baitiote elizari, milioika euro.

Bai, pentsa goizean atarira jaitsi eta airoso bizi den bizilaguna topatzen duzuela zuen autoko eserlekuan, eta lasai eta moduzko prezioan zu lanera eramateko prest dagoela esaten dizula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo