GARA > Idatzia > > Kultura

Pello Ormazabal eta Beñat Mendia, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako txapeldun

GARA | BILBO

Bizkaiko Eskolarteko 26. Bertsolari Txapelketako finala jokatu zen joan den ostiralean Bilbon eta saio bikaina eskaini zuten bertan aritutako hamalau gazteek. Sei bertsolarik hartu zuten parte 14 urte arteko adin mailan: Olatz Ipiña, Maria Gorriño, Beñat Iturbe, Beñat Mendia, Ander Gerrikaetxebarria eta Maite San Cristobal. Zortzi izan ziren 14-18 urte arteko mailan: Imanol Uria, Nagore Beitia, Maddalen Markaida, Pello Ormazabal, Xabier Iturraspe, Elene Lejarzegi, Txaber Ormazabal eta Arrate Zubigarai.

Gazteenen mailan Pello Ormazabal izan zen txapeldun, eta 14 urtetik gorakoen artean, berriz, Beñat Mendia. Gainera Txaber Ormazabal eta Olatz Ipiña ere sailkatu ziren hilaren 20an Altsasun jokatuko den Euskal Herriko txapelketako finalean kantatzeko.

Txapeldun biek bakarka kantatutako bertso bana erabakigarriak izan ziren txapelerako bidean. Beñat Mendiak honako gaiari erantzun zion, «kalean zoazela konturatu zara denak zeuri begira daudela»: «Hemen kaletik noa / nire nobiagaz / Alkandora eder bat / fraka laburrakaz / Neska guztiek niri / begire dekodaz / Nobie, esan egie / hain guapoa al naz?».

Pello Ormazabalek, berriz, beste gai honi erantzun behar izan zion: «Azkenean lortu dozu zeuk gura zenduna», eta honakoa izan zen bere bertsoa: «Nahiz ta ez gustatu bikotea beti / osatzen da pertsona biz / Eta oroitzen dut egun hartan / esan zenizkidan lau hitz. / Pello ez zaitut jadanik maite / geroztik horrela gabiz / Baina gaur juergan ikusi zaitut / hamar milagarren aldiz / Alkoholak ere laguntzen du ta / hurbildu natzaizu irriz / Kostata baina zure ezpainak / probatu dizkizut berriz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo