GARA > Idatzia > > Kultura

Biarritzek Latinoamerikari eskaintzen dion jaialdian, kritikaren sari berria

GARA | BIARRITZ

Urtero legez, Biarritz festibalak Latinoamerikako artista anitz erakarriko ditu Euskal Herriko kostaldeko hirira. Irailaren 28tik urriaren 4ra arteko jaialdiaren hemezortzigarren edizioa berritasun batekin helduko da. Kritikaren sindikatu frantsesak epaimahai bat osatuko du.

Sindikatuko presidente Jean-Jacques Bernardek lau kritikari ezagunen laguntzarekin erabakiko du Kritikaren Sindikatuko Saria. Itxiera gaualdiko sari banaketan emango du ezagutzera kritikarien epaimahaiaren deliberoa.

Ohi bezala, Estatu frantsesean estreinatu gabeko hamar film luze eta beste hainbeste film labur berri aurkeztuko dira Besarkada saria eskuratzeko itxaropenarekin. Latinoamerikan egindako hamabost dokumentalek ere hartuko dute parte lehiaketa nagusian. Zuzendari gazteei txokoa eskainiko dien lehia ere izango da irailean.

Aurtengo atzera begirakoa Vicente Leñero idazle mexikarraren liburuetan oinarritu filmen ezagupena garatzeko egingo da. Omenaldia Habanako jaialdian sarituak izan diren hamar filmaren emanaldiekin egingo zaio Kubako hiriburuko sariketari.

Zinema-kontzertua

Joana Ark-ekoaren pasioa aurkezten duen Carl T. Dreyer «La Passion de Jeanne d'Arc» filma baliatuko dute zine-kontzertua eskaintzeko. Santiago Chotsourian zuzendari argentinarrak Baiona-Euskal Kosta orkestra zuzenduko du.

Literatura jardunaldiak eleberri beltza izango dute ardatz. Juan Villoro eta Vicente Leñero mexikarrak, Ernesto Mallo argentinarra eta Santiago Roncagliolo peruarra izango dira besteak beste. Antonio Quintana, Rachelle Mozman eta Daniela Montecinosen erakusketak aurkeztuko dira. Hitzaldiek Kubako Iraultzaren 50. urteurrena izango dute gai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo