GARA > Idatzia > > Kultura

Ekain kobazuloak, «labar-artearen santutegiak», berrogei urte

p048_f04_88x132.jpg

Ane ARRUTI | ZESTOA

Berrogei urte igaro dira Debako lurretan dagoen Ekain kobazuloa aurkitu zenetik. 1969ko ekainaren 8an izan zen. Hori gertatu baino astebete lehenago, Azpeitiko Antxieta kultur elkarteko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal, arkeologiarekiko zaletasunak bultzatuta, Izarraitz kare mendialdea miatzen aritu ondoren, Goltzibar errekan zehar itzuli ziren Zestoa aldera. Sastarrain baserriak eta inguruak harrituta, bertara itzuli eta ea haitzulorik ba ote zen galdetu zieten bertakoei. Baiezkoa entzunda, ekainaren 8an itzuli ziren berriro, lagin bat egiteko material egokia hartuta. Ustekabean, Euskal Herriko labar-artearen santutegiarekin egin zuten topo.

Arratsalde horretan bertan On Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altunari aurkikuntzaren berri eman zieten eta guztien erabakia izan zen haitzuloa itxita mantentzea bertako margoek ahalik eta kalte gutxien jasan zezaten. 1969 eta 1975 artean indusketa lanak egin zituzten sei kanpainatan.

Madeleine arokoak dira Ekain kobazuloko labar-pinturak. 70 animalia irudi inguru aurkitu dira oraingoz, 64 ikatz eta okrez margotuak eta 6 grabatuak. Zaldiak dira gehien agertzen diren irudiak, baina baita hartzak, oreinak eta kapridoak ere. Iazko abuztuaren 13an, Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk.

Herritar guztientzat ikusgai

Ekain haitzuloak itxita jarraitzen badu ere, iazko abuztutik, barruan gorderik dituen altxorrak ezagutzeko aukera izan da metro gutxira eraikitako Ekainberri erreplikan. Lehenengo zazpi hilabeteetan ia 27.000 bisitari izan dira bertan.

Urteurreneko egunarekin bat, kobazuloaren kokalekua zehazten duen seinalea eta Ekainberriko bisiten ebaluazio sistema berria aurkeztu zituzten atzo. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Mikel Asensio eta bere lan taldeak garatutako software berezi baten bidez, bisitarien profila, inpaktua, ulermena eta sentikortasuna neurtu ahal izango da, «merkeago, azkarrago eta eraginkorrago». Horretarako prestatutako aginte batzuen bidez, galderak erantzun eta unean bertan jakingo dira emaitzak. Pilar Azurmendi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare zuzendariak adierazi zuenez, «orain arte jasotako emaitzarekin oso gustura gaude. Hemendik aurrerako erronka nagusiak, kanpoko tailerrak garatzea eta Ekainberriko sarrerako erreplika hobetzea izango dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo