GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Parte hartzea bultzatu nahi dugu eta EAJk ez du gogoko»

p023_f02_097x100.jpg

Galder Olibares
Igorreko alkatea

28 urte besterik ez zituela heldu zen Igorreko alkatetzara Galder Olibares, 2007ko hauteskundeetan. EAE-ANVren eta Igorre Danontzat plataformaren arteko akordioarekin EAJ udal gobernutik kanpo utzi zuten, eta jeltzaleek Udalak egun duen kudeaketa eredu berria gustuko ez dutela nabarmentzen du.

Manex ALTUNA |

Igandean bukatuko dira espainiar epaitegien mehatxua dela-eta pregoirik gabe hasi behar izan zuten Igorreko jaiak.

Zergatik uste duzu sortu dela hainbesteko zalaparta Guillermo Marañon `Txiki' preso politiko ohia pregoilari bezala izendatzeagatik?

Guk egiten dugun irakurketa EAJk gaia Udal Gobernua erasotzeko erabili duela da. Bere garaian mozio etikoekin edo Uriaren hilketarekin egin bezala, indarkeriarekin lotu nahi izan gaituzte. Azken finean, beren estrategia argia da: herriaren alde lan egiten ez dugula eta kudeaketaz arduratu beharrean `politika' kontuetan aritzen garela zabaltzea herrian.

Pregoilaria izendatzeko erabakia Jai Batzordeak hartu zuen arren, Udal Gobernuaren aurka egin dute.

Gaia erabat desitxuratu dute. Gu herritarren artean parte hartzea bultzatzen saiatzen ari gara. Jendeak Udalean, Jai Batzordean eta auzo batzarretan parte hartzea nahi dugu; horregatik, bertan erabakitzen dena eramaten du aurrera Udalak. Jai Batzordean edozeinek har dezake parte, herritarrek, elkarteek eta baita alderdi politikoek ere. EAJ, joaten ez bada, nahi ez duelako da. Ez dago beste arrazoirik. Txiki Marañon pregoilari bezala izendatzeko erabakia Jai Batzordeak hartu zuen eta gure lana ebazpena gauzatzea izan da.

Erabakiaren erantzukizuna zuri egotzi dizute. Hernani edo Arrasateko alkateen kontrako kriminalizazio kanpainak ikusita, zurekin berdina gerta daitekeela uste duzu?

Bai, zalantza barik. Jaiak herri-koak direnez, Jai Batzordeak hartutako erabakiaren arduradun politikoa ni naizela esaten dute. EAJk gure desgastea bilatzen du estrategia horrekin, komunikabideek `todo es ETA' horren barruan gu kriminalizatzeko.

Hauteskundeetan lortu ez zutena epaitegietan berreskuratu nahi dutela uste duzu?

EAJk Udala berea zela uste zuen. Hori dela eta, lapurtzat jo gintuzten plataformarekin Udal Gobernua osatu genuenean. Hauteskundeetan boto gehien beraiek lortu zituztela aldarrikatzen dute, baina Igorreko herriak alternatiba baten alde bozkatu zuen eta EAJk ez du aurrera egitea nahi. Horregatik, gure eta plataformaren arteko harremana baldintzatzen saiatzen ari dira. Alde batetik, gatazka politikoarekin lotutako gaietan, plataformako kideak beldurtu nahi dituzte. Bestetik, horrela jarraitzen badugu epaitegietan buka dezakegula mehatxu egiten digute guri.

EAJk zer dio aurrera eramaten ari zareten kudeaketari buruz?

Egiten diguten kritika handiena hurrengoa da: beraiena alderdi humanista dela eta gu etika eta moral gabeko alderdi batekoak garela diote. Beti gaude berdin, herriko kudeaketan parte hartzea sustatzen saiatzen ari gara gu eta, bien bitartean, EAJk gatazka politikoarekin lotutako gaiekin eramaten gaitu beti komunikabideetara. Etika gabeko pertsonak garela diote gure kontra egiteko; aldiz, errealitatean, egiten dugun bakarra jendearekin batzarrak antolatu eta herritarrekin egotea da, nahiz eta onartu behar dugun askotan ez dugula denborarik herritarrekin nahi beste egoteko.

Parte hartzea bultzatzen ari zaretela aipatzen duzu etengabe.

Esan bezala asko dugu hobetzeko, baina jo eta ke ari gara gardentasuna eta parte hartzea sustatzen. Parte hartzearena kultura bat da eta lehenik eta behin jendearen konfiantza irabazi behar da. Ez da erraza eta, gainera, EAJkoek ez dute kudeaketa sistema hori gogoko. Ez dugu beren laguntza handiegirik; hala ere, aurrerantzean ere guk batzordeetara gonbidatuko ditugu. Azken finean, Igorreko gehiengo baten ordezkariak dira eta gure filosofia oso argia da: herrian zerbait egin nahi badugu, parte hartzean oinarrituta izan behar da. Aurreko legegintzaldian oposizioan izan ginen eta sufritu genituen informazio gabezia eta parte hartzeko aukera eza izugarriak izan ziren. Hori salatu genuen behin eta berriro, eta guk ez dugu horrela jokatuko.

Zer-nolako giroa egon da herrian azken egunotan?

Jendea harritu egin da, eta gertatutako guztia larregizkoa izan dela ikusi du. Dei piloa jaso ditut nola nagoen galdetzeko. EAJkoekin ere batzartu nintzen eta sortutako iskanbila gehiegizkoa izan dela eta ez zutela hori nahi onartu zidaten azkenean.

LAPURRAK

«EAJk Udala berea zela uste zuen. Hori dela eta, lapurtzat jo gintuzten plataformaren eta EAE-ANVren artean sinatutako akordioarekin gobernua osatu genuelako»

KRIMINALIZAZIOA

«EAJk gatazka politikoarekin lotutako gaiekin eramaten gaitu beti komunikabideetara, `todo es ETA' horren barruan gu kriminalizatzeko»

El concierto nocturno marca la festividad de San Antonio

El concierto, a partir de las 22.00, con las bandas Larregi, Kokoteko y Ze Esatek!, con la posterior romería con Trikizio hasta altas horas de la madrugada, marca hoy la programación en el día del patrón de Igorre, San Antonio.

La mañana será, de nuevo, para los txikis con hinchables en las piscinas, animación por las calles y la tradicional misa. Por la tarde, los partidos de rugby y pelota -a las 16.00 y 18.00 respectivamente-, así como el rally humorístico, a las 17.30, darán paso al concierto.

Mañana, al mediodía, habrá carrera de escuelas de ciclismo, animación callejera, misa y, a las 14.00, comida para las personas mayores. A partir de las 16.30, será el turno de las olimpiadas para los más jóvenes. En la recta final, desde las 19.30, en la plaza de la Kultur Etxea, concurso de vals, entrega de premios de las olimpiadas y chocolatada de la mano de Beinke!.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo